telebista
Gaur, 22:15ean
Uribe Kostan barrena Unai Basurkorekin, 'No es País para Sosos'en
A.H.
EITB
Ramon Rotetak eta Ander Gonzalezek bertako gastronomiaren esentzia bilatu beharko dute.
Gaur gauean, Ramon Roteta eta Ander Gonzalez sukaldariak Uribe Kostako gastronomian murgilduko dira, eta Unai Basurko nabigatzaile euskalduna izango dute lagun bidaia horretan. Berak erabaki beharko du bi sukaldarien artean zeinek jaso duen bere plateretan bertako gastronomiaren esentzia.
Uribe Kostan barrena bidaia
Ramonek eta Anderrek Mungiako txerri-ustiategi batean hasiko dute euren bidaia, txerriaren sekretu guztiak ezagutzeko asmoarekin. Ondoren, Gatikara joango dira eta Unai Basurkorekin bilduko dira, Butroiko gazteluaren itzalpean sartenekoa dastatzeko.
Ander Plentziara joango da bere kabuz eta bertan, Virginia Berasategi triatletarekin batera, urpean dagoen upategi berezi bat ezagutuko du: Crusoe Treasure. Ondoren, Urdulizera joango da, eta han garagardoa artisau erara nola egiten duten ikusiko du.
Bitartean, Ramon Mungian geratuko da, pate fabrika bateko lana nola egiten duten arretaz jarraituz. Gainera, Mungiako sukalki ospetsua ere dastatuko du.
Ramon eta Ander Unai Basurkorekin bilduko dira berriz ere, kasu honetan, Berangon, eta garagardotegiko menu tipikoa dastatuko dute: oilaskoa eta garagardoa. Ondoren, sukaldari bakoitzak berriro bere bidea hartuko du.
Ander Armintzara joango da eta saltsa amerikarrean egindako abakandoa dastatuko du Noray jatetxean. Ramon, bere aldetik, surfean arituko da inspirazio bila, Sopelan eta Barrikan.
Amaitzeko, bi sukaldariek elkarren arteko norgehiagoka egingo dute, Unai Basurkoren begiradapean. Nor izango da aste honetako irabazlea?
'No es País para Sosos' gaur emitituko da, 22:15etik aurrera, ETB2n.