Itxi

telebista

22:30ean, ETB2n

Aretxabaleta eta Getxoren arteko lehia, 'NEPPS: Entre Dos Fuegos'en

A.A.

EiTB

Paella prestatzen onena zein den erakutsi beharko dute.

Aretxabaleta eta Getxo izango dira nor baino nor gehiago aste honetako 'No es País para Sosos: Entre Dos Fuegos' saioan. Paella prestatzeko sukaldari bila abituko dira bi herri horietara Ramon Roteta eta Ander Gonzalez.

Anderrek Aretxabaleta ezagutzeko aukera izango du Txapeltxin ezizenez ezaguna den Ibairen laguntzaz. Ezer baino lehen, elizako kanpandorrera igoko dira, herriaz eta inguruko paisaia ikusgarriaz gozatzera. Besteak beste, elkarte gastronomiko bat bisitatuko du, eta bertan ezagutuko ditu paella prestatuko duten bi sukaldariak. Inguru hartan hain preziatuak diren saiheski errea, onddo nahaskia eta karapaixoa prestatzen ere ikasiko du Anderrek.

Ramon Getxora joango da. Neguriko San Jose jauregian abiatuko du bere ibilaldia, Urko gidari duela. Sukam jatetxe preziatuan txipiroiak jateko aukera izango du, eta herriko merkatuan aurkituko ditu desafiorako bi sukaldariak. Getxoko kaleetan barrena, Olentzero Munduan egitasmoaren berri jasoko du, eta puntaren puntan dabilen errugbi talde bat ezagutzeko parada ere izango du.

Ohi denez, bi herrien arteko buruz burukoa Miramongo platoan egingo da. Nork prestatuko ote du paellarik onena? Erantzuna, gaur, 22:30ean, ETB2n.

2n.