telebista
Audientzia
Bi-bitako finala bere ordu tartean lider izan zen
A.E.
EiTB
Emanaldiak %18,1eko audientzia eta 303.000 ikus-entzuleko audientzia metatua eskuratu zituen.
ETB1en atzo eskainitako Binakako Txapelketako finalak %18,1eko audientzia izan zuen eta bere ordutegian lider izan zen. Euskaldunen artean %24,4koa izan zen audientzia zatia. Euskadin eguneko bigarren saiorik ikusiena izan zen gaueko 'Teleberri' albistegiaren ondoren.
Bizkaia pilotalekuan Bengoetxea VI-Untoria bikoteak Berasaluze II-Zubietaren aurka irabazitako norgehiagokak 186.000 ikus-entzuleko audientzia izan zuen bataz beste, eta 303.000 lagunek egin zuten bat partidarekin uneren batean, EAEn eta eragin esparruan.
Bestalde, 'Herri Txiki, Infernu Handi'k ere oso erantzun ona izan zuen. Bere marka berdindu zuen Arrieta herriari eskainitako saioak, %4ko audientziarekin, hain zuzen ere. Euskaldunen artean, %8,4ko sharea izan zuen saioak. Gainera, Zuhaitz Gurrutxagak eta Mikel Pagadik aurkeztutako tarteak 116.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan zuen.