Itxi

telebista

Gaur

Emakumeen Bira eta Amstel Gold Race, zuzenean, ETB1en eta eitb.eus-en

A.A. | EiTB

Buruz Buruko Txapelketako Arretxe-Irribarria eta Irusta-Erostarbe partidak ere zuzenean emango dira.

Emakumeen Euskal Biraren azken etapa eta Amstel Gold Race lasterketak zuzenean izango dira ikusgai gaur ETB1en eta eitb.eus-en.

Emakumeen Biraren emankizuna 'Oreka' saioaren barruan egingo da 12:00etatik aurrera, Alfontso Arroioren, Leire Olaberriaren eta Sara Gandararen kontakizunarekin. Fermin Aramendi eta Xabier Usabiaga arduratuko dira, berriz, Holandako Limburgo herrian jokatuko den klasikaren nondik norakoak kontatzeaz. 15:00etan egingo dute bat probarekin.

Ohi denez, 17:00etan 'ETB Kantxa' saioa hasiko da Eibarko Astelena pilotalekutik. Mendizabal-Tolosa / Elordi-Barriola partidarekin hasiko da jaialdia. Ondoren, Buruz Buruko Txapelketako bi norgehiagoka jokatuko dira: Arretxe-Irribarria eta Irusta-Erostarbe. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Xabier Andueza izango dira esatariak.

Bestalde, 11:30ean ETB4n eta eitb.eus-en, bezperan Ordizian jokatutako Goierri 7 Orduak kirol probaren berri emango du Ibon Gaztañazpik.

Amaitzeko, eskubaloiko Erreginaren Kopako finala jokatuko da gaur Galiziako Porriño herrian. Euskal talderen bat iritsiz gero, partida ETB4n eta eitb.eus-en eskainiko da 13:00etan, Jon Ander Gorosperen eta Martin Larrañagaren kontakizunarekin.