Itxi

telebista

ETB1en eta ETB2n

Udako jaialdien musika eskaintzaz, gaur, 'EiTB Kultura Transit' saioan

A.H. | EITB

Horrez gain, ezgaitasunen bat duten artistak ezagutarazten dituen Break a Leg jaialdia eta Lurrak zirku garaikideko obrak ezagutuko ditu saioak.

  • BBK Live 2015

    BBK Live 2015

Musika jaialdiak hizpide, aste honetan, Gasteizko Azkena Rocken hasi, Donostia Kutxa Kultur festibalekin jarraitu, Bilbao BBK Live, Biarritzeko Big Festival eta jazzaldiak tartean, aurtengo festibalek ekarriko duten guztiaren errepasoa egingo du 'EiTB Kultura Transit' saioak. Hitzordu horietako askotan taula gainean izango den Rural Zombies talde zestoarrarekin izango dira, eta, besteak beste, Last Tour International, Gin Musica eta Get In eragileekin arituko dira. Jaialdien formatuak azken urteetan izan duen gorakada, joera berriak eta euskal jaialdien egoera ere izango ditu hizpide erreportajeak.

Musika, dantza, antzerkia eta arte plastikoak batzen ditu egunotan Donostia 2016k eskaintzen duen Break a Leg jaialdiak. Ezgaitasunen bat duten artistak eta horien lana ezagutzera eman nahi dituen jaialdia da.

Sortzailea atala Lurrak zirku garaikideko obrari eskainiko dio 'EITB Kultura' saioak. Antzerkia, musika eta zirkua nahasten dituen formatu handiko ikuskizun hau aitzindaria da euskal eszenan. Bost musikarik eta lau aktorek parte hartzen dute bertan. Bilboko eta Gasteizko udalek bultzatutako proiektu hau Gasteizko Kaldearte jaialdian estreinatu berri da eta Bilboko Kalealdian izango du jarraipena.

'EiTB Kultura Transit' saioa gaur gauean izango da ikusgai ETB1en eta ETB2n.