Itxi

telebista

52. Durangoko Azoka

EiTBk jarraipen zabala egingo dio Durangoko Azokari

Bertan aurkeztuko diren nobedade guztien berri emango dute irratian, telebistan zein interneten.

EiTBk jarraipen berezia egingo dio abenduaren 6tik 10era ospatzen ari den Durangoko Azokaren 52. edizioari. Euskal kulturaren topagune nagusiaren inguruko berriak telebista, irrati eta internet bidez jarraitu ahal izango dira.

ETBko 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegiek egunero zabalduko dute azokaren leihoa, zuzenean Landako gunearekin bat egiteko. Bertatik, ekitaldi nagusien berri emango dute eta protagonistekin hitz egingo dute.

Amaia Cayerok eta Ilaski Serranok gidatzen duten 'Ahoz Aho' saioa astelehenetik ari da Durangoko Azokaren inguruko gaiak jorratzen. Alabaina, ostegunean tarte zabalagoa eskainiko diote, Ilaski Serrano bertatik arituko baita zuzenean. Gonbidatuen zerrenda luzea izango da: besteak beste, Lutxo Egia Ahotsenekoa zuzendaria eta Arantxa Atutxa Gerediaga kultur elkarteko ordezkaria; musikarien artean, Alex Sardui, Javier Muguruza eta Berri Txarrak; Andu Lertxundi eta Irati Jimenez idazleak, eta argitaletxeetatik Angel Valdes (Elkar), Mikel Soto (Txalaparta) eta Gorka Arrese (Susa).

'EiTB Kultura Transit' saioak Ahotseneari buruzko erreportaje zabala eskainiko du. Durangoko Azokako sortzaileen gunearen 10. urteurrenaren karietara, bere ibilbidearen errepasoa egingo dute Gotzon Barandiaranekin eta aurten bertatik pasako diren zenbait artistekin egongo dira.

Bestalde, ostegun gauean bi kontzertu berezi izango ditugu ikusgai ETB1en 22:30etik aurrera. Lehendabizi, Su Ta Gar taldeak ekainean Donostiako Victoria Eugenia antzokian eskainitakoa. Maitasunari pasioa diskoaren aurkezpen biran azken emanaldia izan zen hura eta oraingoan telebistan ikusteko aukera izango dute Eibarko taldearen jarraitzaileek. Kantu berriak eta betikoak entzungo ditugu: 'Haika mutil', 'Itxaropena', 'Mari', 'Jo ta ke', 'Hitz margotuak'?

Ondoren, Zea Mays taldeak 20. urtemuga ospatzeko 2015eko abenduan Bilboko Kafe Antzokian emandako kontzertua eskainiko du ETBk. Urte horietan guztietan bide lagun izandako artistekin, talde horien bertsioak jo zituzten Aiora Renteria eta konpainiak.

'Merli' eta 'Go!azen' telesailak Durangon

ETBren eskutik, hainbat ekimen buruko dira Durangoko Azokan. Abenduaren 9an, 'Merli' telesailaren aurrestreinaldia egingo da Durangoko Azokako Irudienean, 13:00etan. TV3eko telesaila arrakastatsuak Merlí filosofia irakaslea du protagonista, eta ikasleak askatasunez pentsatzera bultzatuko ditu, ezohiko irakasbideak erabiliz. Horren metodoek ez dute inor epel utziko, eta aldekoen eta aurkakoen artean banatuko dira ikasle, irakasle eta gurasoak. Urtarrilean estreinatuko da ETB1en.

Bestalde, 'Go!azen' telesaileko aktoreak egunero egongo dira Durangoko Azokan diskoak sinatzen, Elkar argitaletxearen standean. Halaber, EiTBren estilo liburua ere salgai egongo da Elkarrek izango dituen gune ezberdinetan.

Azokaren berri luze eta zabal EiTBko irratietan

Azokak bere ateak ireki orduko, Euskadi Irratia hantxe izango da. Abenduaren 6ko 'Amarauna' ia osorik azokari eskainitakoa izango da. Abenduaren 7an, Ainhara Zuazabeitiak gidatutako 'Faktoria'k Joseba Irazoki eta Beñat Axiari izango ditu gonbidatu Durangon bertan. Horrezaz gain, ikasleentzat antolatutako tailerrak nola bizi dituen azalduko diete Kanboko ikasle talde batek, eta holograma bidez osatutako Oloke antzezlan berezia ezagutuko dute. Abenduaren 8an 'Amarauna'k Wikipediaren egunean jarriko du arreta, eta hainbat wikilarirekin batera euskarak entziklopedia aske honetan zer nolako tartea duen aztertuko dute. Abenduaren 9an jende andana bilduko duela-eta, Berri Txarrak taldearen azken lana eta euren jarraitzaileen iritziak izango dira entzungai. Eta igandean, aurtengo edizioak eman duena laburbilduko dute. Eduki guzti horietaz gain, egunero bat egingo du Euskadi Irratiak Durangoko Azokarekin 11:00etatik aurrera. Juan Ramon Martiarena arduratuko da, bestalde, irratiko albistegi guztietan azokaren berri emateaz.

Abenduaren 6ko irekiera ekitaldia zuzenean emango du Radio Euskadiko 'Boulevard' saioak, eta Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujika elkarrizketatuko du. Abenduaren 7an, arratsaldeko programazio ia osoa Durangotik bertatik emango du Radio Euskadik. 13:30etik aurrera 'Kultura.eus' saioan Idoia Jauregik azken ordua gerturatuko digu. 16:00etan Felix Linaresek eta Kike Martinek 'Iflandia' saioaren atal berezia aurkeztuko dute azokatik bertatik. Eurekin izango dituzte Leire Bilbao idazlea, Maite Mutuberria marrazkilaria, Eneko Sargadoy aktorea eta Tenpora taldeko Juantxo Zeberio musikaria. 17:00etan 'Graffiti' saioak hartuko dio lekukoa. Hainbat lagun bilduko ditu mahaira Galder Perez gidariak. Berarekin izango dira Joseba Tapia, Ane Guria La Basu, Huntza taldeko kideak, Potx eta Lotx pailazoak, Ero Komeri taldeko musikariak eta Joxe Lacalle argazkilaria, besteak beste. Abenduaren 8an Yogurinha Borovak euskeraz argitaratu berri duen diskoaz arituko dira 'Boulevard' saioan. Abenduaren 9an, 'Más Que Palabras' saioa Durangotik bertatik egingo dute Roberto Mosok eta Goizalde Landabasok. Eta igandean, azken ordukoaren berri eta aurtengo edizioaren balantzea egingo du Juan Carlos de Rojok 'La Galería' saioan. Azokak irauten duen bitartean, goizero tarte zabala eskainiko zaio irrati honetan 11:00etatik aurrera.  Horretaz gain, zubi luze honetako albistegi guztietan Idoia Jauregik azken ordua helaraziko die Radio Euskadiko entzule guztiei.

Gaztea irratiak era Azokaren jarraipen zabala egingo du. Gazteako 'B-Aldea' saioan dagoeneko Durangon aurkeztuko diren musika nobedadeei tarte egiten ari zaie. Gainera, ostegunean 'B-Aldea' berezia izango da Durangotik 19:00etatik 20:00etara.Halaber, egunero egingo dute bat azokarekin Gazteako programa ezberdinek, goizean goiz hasi eta ateak itxi arte. Alain Perez arduratuko da bertan gertatzen den guztia Gazteako entzuleei jakinarazteaz.

Eduki bereziak eitb.eus-en

Irrati zein telebistako eduki guztiak eitb.eus-en ikusgai eta entzungai izango dira. Horiek guztiak eskura izateaz gain, beste hainbat eduki berezi ere izango dira Gazteako eta Kulturako atarietan. Bertan, Azokaren egunez eguneko jarraipena egingo da, albiste, bideo eta argazkien bitartez.

Horrez gain, Azoka TBko programazioa eta Ahotsenea guneko emanaldiak eta solasaldiak zuzenean jarraitzeko aukera izango da.

Bestalde, Gaztea, Euskadi Irratia eta Radio Euskadi-Radio Vitoria emisorek Durangotik egingo dituzten saioak streaming bidez emango ditu eitb.eus-ek.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista