Itxi

telebista

Audientzia

EiTBk audientzian gora egin du 2017an

EiTB

ETBk audientziaren %11,1ekin itxi du urtea, EiTBko irrati taldeak 441.000 entzule ditu egunero eta eitb.eus-ek 130.000 erabiltzaile bakar ditu egunero.

EiTB taldeko hedabideek audientzia emaitza nabarmenak erdietsi dituzte 2017an: ETBk audientziaren %11,1ekin itxi du urtea; EiTBko irratiek 441.000 entzule dituzte egunero, eta eitb.eus-ek, berriz, 130.000 erabiltzaile bakar ditu egunero.

ETB taldeak %11,1eko audientzia zatiarekin itxi du 2017a, eta, ondorioz, lau hamarren igo da, iazko emaitzekin alderatuta. ETBko bi kate nagusiek euren datuak hobetu dituzte: ETB1ek %2ko audientzia zatia lortu du, 2016an baino hamarren bat gehiago, eta ETB2k %7,8ko kuota izan du, aurreko urtean baino puntu erdi gehiago. ETB3k %0,5eko audientzia zatia eskuratu du, eta ETB4k, berriz, %0,8koa.

Bestalde, ETBko albistegiek lidergoa sendotu dute 2017an. 'Teleberri' albistegirik ikusiena izan da %17,4ko audientzia zatiarekin, eta 221.000 ikus-entzuleko audientzia metatua izan du Euskadin eta eragin eremuan. Halaber, 2016an lortutako datua hiru hamarren hazi da aurten. ETB1eko 'Gaur Egun' albistegiak ere aurreko urteko datua hobetu du, %3,1eko audientzia zatia lortu baitu, 2016an baino bost hamarren gehiago. Euskaldunen artean %7,3ko kuota izan du.

Berebat, Euskal Autonomia Erkidegoan eta Nafarroan, 473.000 lagunek egiten dute bat astegunetan EiTB komunikazio taldeko irratiekin (Euskadi Irratia, Radio Euskadi, Gaztea, Radio Vitoria eta EiTB Musika), CIESek abenduaren 22an argitaratu zituen emaitzen arabera. Datu horiek CIESen lehen neurtaldikoak gainditu dituzte.

Hartara, Radio Euskadirekin 170.000 entzulek egiten dute bat astelehenetik ostiralera, eta 7.000 entzule irabazi dituzte maiatzeko neurtaldiko emaitzarekin alderatuta. Euskadi Irratiak 133.000 entzule ditu, maiatzean baino 14.000 gehiago; Gazteak 110.000 entzule lortu ditu, eta EiTB Musikak, berriz, 35.000 entzule eskuratu ditu. Halaber, Radio Vitoria ere hazi da, 25.000 entzule bereganatu baititu astelehenetik ostiralera.

Azkenik, eitb.eus-ek  21 urte hauetan inoizko hazkunderik handiena lortu du bai datu orokorrak bai ehunekoak aztertuta; 130.000 erabiltzaile bakar baino gehiago ditu egunean astelehenetik igandera, 2017ko urtarriletik azarora bitartean OJD Interactiva enpresak egindako neurketen arabera. EiTBren webguneko informazio eta entretenimendu edukietara jo dute erabiltzaileok.

Aurreko urteko datuekin alderatuta, orain arteko urterik onena izan da; izan ere, %40 hazi da. Hilean, batez beste, 3 milioi erabiltzaile bakar ditu (2.984.000, hain zuzen).

Albistegi eta kirol edukiak hazi dira gehien; idatzizkoak, bideoak ('Teleberri' eta 'Gaur Egun') eta audioak (Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoria). Irrati eta telebistako entretenimendu saioek ere oihartzun handia izan dute, hiru fenomenori esker, gehienbat: ‘Go!azen’, ‘El Conquistador’ eta Gazteako programak.

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Euskal Telebista