telebista
Kirolak zuzenean
Emakume Master Cup-eko finalak, gaur, zuzenean, EiTBn
A.A.| EiTB
Kataluniako Itzuliko azken etapa eta Binakako Txapelketako Elezkano II-Rezusta / Altuna III-Martija partida ere zuzenean emango dira.
ETB1ek eta eitb.eus-ek zuzenean eskainiko dituzte igande honetan jokatuko diren Emakume Master Cup-eko finalak: Badiola-Orbegozo / Vicario-Urien (promesak) eta Espinar-Arrieta / Arrizabalaga-Etxaniz (lehen maila). Iñigo Aiestaranek eta Xabier Anduezak gidatuko dute emanaldia 11:30etik aurrera.
12:30ean Kataluniako Itzuliko azken etapa jarraitu ahal izango dugu zuzenean ETB4n eta eitb.eus-en. Bartzelonan, Montjuic inguruko zirkuituan amaituko da, ohi bezala, Volta. Fermin Aramendi eta Xabier Usabiaga arduratuko dira kontakizunaz.
16:00etan, herri kirolen tartean, bezperan Agurainen jokatutako Banakako Eusko Label sariko 2. kanporaketaren nondik norakoak ekarriko dizkigute Ibon Gaztañazpik eta Joxe Etxebestek.
17:00etan 'ETB Kantxa' saioa hasiko da Gasteizko Ogueta pilotalekutik. Jaialdia J. Retegi-Merino II / Irribarria-Merino I partidarekin hasiko da. Ondoren, Binakako Txapelketako finalerdietako norgehiagoka izango dugu: Elezkano II -Rezusta / Altuna III-Martija. Xabier Euzkitze, Joxan Tolosa eta Elena Azpeitia izango dira esatariak.