Itxi

telebista

Apirilak 28

Hauteskunde gauari arreta guztia, gaur, EiTBn

EiTB

Egunean zehar albistegiek hauteskunde egunari jarraipena egiteaz gainera, saio bereziak izango dira zortzirak aurretik ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en.

  • Amaia Cayero eta Xabier Usabiaga.

    Amaia Cayero eta Xabier Usabiaga.

Apirilaren 28ko hauteskunde orokorrei arreta berezia eskainiko die EiTBk, Euskal Telebista, Radio Euskadi, Euskadi Irratia, Radio Vitoria eta eitb.eus-en bidez. Egunean zehar hedabide ezberdinetan informazioa emateaz gainera, 19:00etatik aurrera saio bereziak egingo dira.

Telebistako informazioari dagokionez, 100 pertsonatik gorako lantalde handia mugituko du ETBk, minutuz minutu hauteskunde gauak eman dezakeen guztiaren jarraipen zabala egiteko.

Aurretik egindako galdeketen datuak abiapuntu hartuta, bozketaren emaitzak eskaintzen joango dira, zenbaketaren % 100era iritsi arte. Datuok adituekin aztertzeaz gain, alderdien lehenengo erreakzioak bilduko dituzte. Horretarako, konexio puntu ezberdinak izango dituzte EAEn, Nafarroan eta Madrilen.

ETB1eko saioa 19:30ean hasiko da, pilota emankizunaren ostean. Amaia Cayero eta Xabier Usabiaga aurkezleek lau solaskide izango dituzte bidelagun: Eider Alkorta, Estitxu Garai, Iñaki Galdos eta Felix Arrieta.

ETB2n, Africa Baetak, Juan Carlos Etxeberriak eta Xabier Garcia Ramsdenek gidatuko dute albistegi berezia, 19:15ean hasita. Fabio Gonzalez politologoak komentatuko ditu datuak, eta, horrez gain, solasaldirako bi mahai izango dira. Horietako batean, Garbiñe Biurrun, Maite Ubiria, Jose Luis Rodriguez Aizpeolea, Chelo Aparicio eta Naiara Pinedo egongo dira. Bestean, berriz, alderdi politikoetako ordezkariak: Jokin Bildarratz (EAJ/PNV), Carolina Uribe (Elkarrekin Podemos), Iker Casanova (EH Bildu), Alfredo Retortillo (PSE-EE) eta Angel Rodrigo (PP).

Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta Radio Vitoria

19:30ean hasiko du hauteskunde gaua Euskadi Irratiak. Hautesleku batetik abiatuko du zuzeneko emankizuna. Iñaki Guridik eta Oihane Yustosek gidatuko dute saioa, eta analisirako lau solaskide izango dituzte: Pilar Kaltzada, Mikel Aramendi, Ainhoa Etxaide eta Felipe Juaristi.

Radio Euskadiko saio berezia arratsaldeko zazpietan hasiko da, Dani Alvarezek gidatuta. Alboan izango ditu Jose Ramon Beloki, Marian Beitialarrangoitia, Cristina Ruiz, Jose Ramon Becerra eta Braulio Gomez. Radio Vitoriak ere zuzenean eskainiko du saio berezi hori.

Euskadi Irratiak eta Radio Euskadik erreakzioak jasoko dituzte, emaitzak kaleratu ahala. 12 tokitan egongo dira, Euskal Herriko eta Estatuko alderdien egoitza nagusietan.

Iritzi-galdeketaren emaitzak

Telebistako zein irratietako saioetan, EiTBk eta hedabide publikoek egindako iritzi-galdeketaren emaitzak emango dituzte 20:00etan, hauteslekuak itxi bezain pronto. Ikerketa honek hauteskunde deialdi honetan izan diren emaitzen aurrerapena eta hurbilketa egingo du.

Hauteskunde gaua eitb.eus-en

Hauteskunde gauaren ertz guztiak edukiko ditu eskura eitb.eus-eko erabiltzaileak apirilaren 28an. EiTBko webguneak jarraipen zabala egingo dio boto kontaketari, herriz herri eta lurraldez lurralde emaitzak eskainiz. Ordenagailu eta bestelako gailu mugikorren bidezko nabigazioak boto zenbaketa minutuz minutu jarraitzea ahalbidetuko du, eta grafiko egokituak eta udalerria edo lurraldea zehazteko bilatzailea izango ditu. Gainera, alderdi guztiek lortutako botoen kopurua eta Kongresuan eta Senatuan bakoitzak zenbat eserleku izango dituzten ikusi ahalko dugu.

Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta Radio Vitoriako saio bereziak ere zuzenean ikusi eta entzun ahal izango dira eitb.eus-en bitartez. Halaber, hauteskunde gauaren unerik onenak bideo, audio eta argazkien bidez islatuko ditu webguneak, gertatu eta berehala gertakari guztien materiala bilduz. Minutuz minutuko kontakizun honek alderdi politikoen lider eta hautagaiek sare sozialetan izango dituzten erreakzioak ere eskainiko ditu (Facebook, Twitter...).

Era berean, zenbaketak aurrera egin ahala, datuak etengabe gaurkotuko ditu eitb.eus-ek hauteskundeei buruzko atari berezian, eta baita Twiterreko kontuan ere. Bozketaren minutuz minutukoa, eguneko gertakariak eta partaidetzaren datuak jarraitu ahalko ditugu bertan.