Itxi

telebista

Uda 2020

"A Bocados Verano" itsasbazterretik arituko da udan

EiTB

Arratsaldero, 20:15ean, kaleko erreportajeak, ezustekoak, bero hilabeteetara egokitutako errezetak eta jendearekin interakzio handiagoa.

  • Ander Gonzalez eta Gabriela Uriarte "A Bocados Verano" saioan

    Ander Gonzalez eta Gabriela Uriarte "A Bocados Verano" saioan. Argazkia: EiTB

Ander Gonzalez sukaldariak eta Gabriela Uriarte nutrizionistak udako denboraldiari ekin diote astelehen honetan, ekainak 29. "A Bocados Verano" saioak platoa kalera atera eta Donostiako Haizearen Orrazia monumentuaren ondoan dagoen terraza paregabera eraman dute. 

Sukaldaritzako saio dibertigarriak eduki mordoa ekarriko dizkigu arratsaldero, astelehenetik ostiralera: udako errezeta tradizionalak, nutrizio-aholkuak eta kultura gastronomikoa, osasunarekin eta entretenimenduarekin lotutako joko dibertigarriak, eta abar. Uda honetan, Ander Gonzalezek eta Gabriela Uriartek janariarekiko eta elikadura osasuntsuarekiko grina kutsatzea lortuko dute. Gainera, udako aisia eta gure geografiako bazter zoragarrietara egindako txangoak ere eskainiko dituzte. Hori guztia, bien ohiko umore on eta bizitasunarekin. 

Uda honetarako berrikuntzak 

Ikus-entzuleek zuzeneko harremana izango dute "A Bocados Verano" saioarekin, eta aurkezleei zalantzak, galderak eta bestelako eztabaidagaiak proposatu ahalko dizkiete. ETB2ko saioak Euskal Herriko geografia osoa zeharkatuko du, eta kamera eta mikrofonoa herritarren esku utziko dituzte, Anderri eta Gabrielari galderak egiteko. 

Bestalde, "A Bocados Verano" saioak erreportariak izango ditu kalez kale, udako giroa jasotzeko. Iñaki Elorzak, adibidez, euskaldunen udako ohitura gastronomikoak ezagutuko ditu, eta hondartzako txosnetara edo gure geografiako kostaldeko jatetxe erakargarrienetara hurbilduko gaitu ostiralero. Lantaldeko kazetariak itsasontzian ibiliko dira, hondartzetara jaitsiko dira eta ekitaldi gastronomiko garrantzitsuenetara joango dira, besteak beste. 

Gainera, ETB2ko programak bidaiatzen jarraituko du, gure sukaldari garrantzitsuenetako batzuen eskutik. Errezeta azpimarragarrienak ekarri dizkigute, batetik, eta euren herrietako paraje, ibilbide, ohitura eta festa berezienak erakutsiko dizkigute, bestetik. Aurten ez dira herri askotako jaiak normaltasunean ospatuko, eta ahal den moduen gogoratu dituzte. Besteak beste, San Pedro, San Martzial eta San Fermin jaiak ospatu ohi dituzten herrietara joango da saioa. 

Astean behin, mauka diren errezeteei egingo diete tartea. Aldez aurretik, errezeta merke bat prestatzeko beharrezkoak diren osagaiak iragarriko dituzte, ikus-entzuleek eros ditzaten. Anderrek zapore handiko baina kostu txikiko platerak prestatuko ditu. Kaleko jendearen errezeta merkeak zeintzuk diren ere ezagutuko dugu. 

Hori dela eta, uda honetan, "A Bocados" saioaren familiak gora egiten jarraituko du, pantailaren alde batean eta bestean. Euskal geografian zehar bidaiatzen jarraituko dute egunero, abeltzain, fruta-saltzaile, gozogile, nekazari edo arrantzaleen istorio bitxien bila.

"A Bocados Verano" astelehenetik ostiralera izango da ikusgai, 20:15ean, ETB2n eta eitb.eus-en.