Itxi

telebista

Zuzenean

Inbestidura saioa zuzenean, gaur, EiTBn

EiTB

Osoko bilkura zuzenean jarraitu ahal izango da ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en.

  • Eusko Legebiltzarra

    Eusko Legebiltzarra. Argazkia: EFE

EiTBk jarraipen berezia egingo dio gaur Eusko Legebiltzarrean lehendakaria aukeratzeko egingo den inbestidura saioari. Osoko bilkura zuzenean jarraitu ahal izango da ETBn, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, Radio Vitorian eta eitb.eus-en.

Ostegunean, ETB2n, "En Jake" saio berezia izango da ikusgai, lehendakariaren inbestidura dela eta. 09:00etatik 14:00etara egongo dira Eusko Legebiltzarrean egingo den inbestidura saioa zuzenean jarraitzen eta aztertzen. Xabier Lapitzek eta bere taldeak arretaz jarraituko dituzte bi hautagaien hitzaldiak, bai Iñigo Urkullurena eta baita Maddalen Iriarterena ere. Informazio guztia aztertzeko, platoan, goizean zehar, kazetari, soziologo eta adituen 2 mahai izango dituzte. Gainera, Maitane Bastida lankidea goizean goizetik egongo da Legebiltzarrean, legebiltzarkideen adierazpenak jasotzeko.

Halaber, ETB1en 09:30ean hasiko da zuzeneko emanaldia, 12:30era arte. Arratsaldean berriz helduko dio emanaldiari, 14:30ean, gaueko "Gaur Egun" albistegia hasi arte. Iban Garatek egingo du saioaren kontakizuna.

Irratiei dagokienez, Radio Euskadik eta Euskadi Irratiak ere jarraipen zabala egingo diote inbestidura saioari. Euskadi Irratiko saioa Iñaki Guridik zuzenduko du Legebiltzarretik. Estudioetatik, berriz, egoeraren analisia egiten lagunduko diote Pilar Kaltzadak, Iñaki Galdosek, Iraia Oiartzabalek eta Iker Riojak. Axun Arozenak, Ainara Rubiok eta Ane Zuazubiskarrek saioaren jarraipena egingo dute.

Bestalde, Radio Euskadiko saioa Imanol Manterolak gidatuko du Bilboko egoitzatik, eta berarekin izango dira gonbidatu, saioaren jarraipen eta analisia egiten, Javier de Andres, Jon Ansa, Iñaki Gonzalez eta Eva Silvan. Gainera, Maite Mayo, Rodrigo Manero eta Mikel Saez lankideak Legebiltzarretik zuzenean arituko dira.

Radio Euskadik zein Euskadi Irratiak Bakartxo Tejeria Legebiltzarreko presidentea elkarrizketatuko dute, eta taldeetako bozeramaileekin solastatzeko aukera izango dute.

Radio Vitoriak Radio Euskadirekin bat egingo du 09:30etik 13:00etara egingo den saio bereziarekin. Arratsaldean, berriz, albiste emankizun bereziak emango dituzte ordu erdian behin, azken orduko informazio guztia emateko.

Sarean ere, eitb.eus-en streaming bidez emango dugu inbestidura saioa. Zuzeneko kontakizuna minutuz minutu egingo dute, eta luze eta zabal jasoko dituzte bai lehendakarigaien hitzaldiak, baita alderdien ordezkarien hitzak ere.