telebista
21:00etatik aurrera
"Egan 50 urte" emanaldiaren estreinaldia, gaur gauean, "Oholtzan" saioan
EiTB
Horren aurretik, 21:30ak aldera, Urrijena jaialdiaren emanaldi bat eskainiko da, Miren Bikandi dantzaria omendu zutenekoa.
Larunbat honetan, urriak 31, "Oholtzan" saioan bi estreinaldi izango dira ikusgai. Lehenik saioaren unerik onenak gogoraraziko dituen laburpen bat eskainiko da. Jarraian "Urrijena" emanaldia izango da ikusgai, 21:30ak aldera, eta ondoren, 22:00etatik aurrera "Egan 50 urte" ikuskizuna emango da.
Egan musika taldeak 50 urte bete ditu aurten, eta urtemuga hori ospatzeko Aiako probalekuan kontzertu berezi bat eskaini zuen. 1970eko uztailaren 30ean, San Ignazio bezperan, eman zuen lehen kontzertua Egan taldeak Azpeitiko Gautxori tabernan. Urte onenetan 200 kontzertu ematera iritsi ziren.
Talde azpeitiarrak 48 urte egin zituen Euskal Herriko herri eta auzoetan festa giroa jartzen. Urte horietan guztietan 5.000 emanaldi inguru zenbatu dituzte, batik bat jai eta festetan. Taldea orain bi urte desegin zen, musikari bakoitzak bere bidea hartu zuelarik.
Gaur egun musikari gehienak berriak dira. Xabier Saldiak berak jarraitzen du lider, eta berarekin batera, Ane Sarasua (ahotsa), teklatuan Antxon Sarasua eta Imanol Iribarren (hau lehenagoko Egan taldeko partaidea), baterian Ander Zulaika eta bajoan Ander Ederra eta Mikel Lazkano.
Miren Bikandiri omenaldia, Urrijena jaialdian
Egan taldearen emanaldiaren aurretik, 2019an Iurretan ospatutako Urrijena jaialdia izango da ikusgai, Xabier Sukiaren eskutik. Antzinako tradizioa da Iurretako jaietan Urrijena, dantzari zahar eta berri ugari dantzan elkartzen diren ospakizuna.
Larunbat honetako emanaldian dantzari zaharrenei omenaldia egin zieten. Juan Bikandi dantzari maisuak erakutsitako taldea bertan izan zen. Kalejiraren ostean elizako eskailerak igotzen azkenak izan ziren, eta talde horrekin lotura handia izan zuen Miren Bikandi omendu zuten.
Miren Bikandiren aita, Juan Bikandi, dantzari maisua izan zen. Miren gaztea zela, Juanek semea eta beste mutiko batzuk trebatzen zituen etxean. Haietako bat falta zenean, haren lekua hartzen zuen Mirenek, taldea osatzeko.
Beranduago, dantza taldeak Mirenen bitartez berreskuratu zituen erregelako pausoak, bere aita gurpildun aulkian geratu ondoren. Miren zendu ostean, Iurretako herriak omenaldia egin zion Urrijena jaialdian.
"Oholtzan" saioa gaur izango da ikusgai, 21:00etatik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en.