Itxi

telebista

Kirolak

Emakumezkoen Bizkaia Txapelketako finala eta Binakako Txapelketa, gaur, EITBn

EITB Media

Aurretik, "Helmuga" saioan Janire Gonzalez Etxabarri eta Ainhoa Leizeaga surflariak izango dituzte hizpide, eta aurtengo Vendée Globeko erreportaje berezi bat eskainiko da arratsaldean.

  • Pilota

    Pilota. Irudia: EITB Media

Igandero ikusgai izaten den "Helmuga" kirol saioaz aparte, pilota izango da eguneko protagonista ETB1en eta eitb.eus-en, eta aurtengo Vendée Globeko erreportaje berezi bat ere eskainiko dute.

11:30ean hasita, aste honetako "Helmuga"n, bi gazte surflari izango dira: Janire Gonzalez Etxabarri eta Ainhoa Leizeaga. Horrez gain, Funriders proiektuaren berri emango dute, freestyle kirolak zabaltzeko jaio baita. Bukatzeko, neguko K2ko lehen igoerari aipamena egingo dio saioak.

Ondoren, pilota izango da nagusi. 12:00etan, Emakumezkoen III. Bizkaia Txapelketako Finala jokatuko da. Lehenengo, hirugarren eta laugarren postua zehazteko partida izango da ikusgai, eta, gero, Garai - Ruiz de Larramendi eta O. Arrizabalaga - Agirre bikoteak izango dira aurrez aurre finalean. Bilboko Bizkaia pilotalekuan izango dira norgehiagokak, eta Iñigo Aiestaranek, Gentzane Aldaik eta Elena Azpeitiak egingo dute zuzeneko jarraipena.

16:00etan, Vendée Globe 2021eko erreportaje berezi bat izango da ikusgai ETB1en. Bakarka, laguntzarik eta geldialdirik gabe, munduari bira egiten dion itsasontzien estropada da. Aurten, 9. edizioa bete duen honetan, 24.000 itsas milia osatu behar izan dituzte marinelek, eta 33 patroik hartu dute parte, tartean 6 emakumek. Aurtengo lehiaketa inoizko parekatuena izan da, azken unera arte ez baita erabaki.

17:10ean, aldiz, gizonezkoen hiru pilota partida eskainiko dira ETB1eko "ETB Kantxa" saioan eta eitb.eus-en. Alde batetik, Irribarria - Tolosa eta Agirre - Aretxabaleta izango dira lehian; gero, Binakako Txapelketako bosgarren jardunaldiko hirugarren partida jokatuko dute Jaka - Martija eta Olaizola - Rezusta pilotariek; eta, azkenik, Alberdi - Salaverri eta Salaberria - O. Etxebarria izango dira aurrez aurre. Xabier Euzkitzek, Abel Barriolak eta Elena Azpeitiak egingo dute partiden kontakizuna Bizkaia pilotalekutik.