telebista
22:30ean
"Aurten Kopa geurea da!" saio berezia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en
EITB Media
Pedro Mari Goikoetxeak aurkeztuko duen saioan, finalerako bidean egon diren bi taldeen protagonista nagusien iritziak jaso eta momentu historiko hunkigarrienak errepasatuko dituzte.
Apirilaren 3an Sevillan jokatuko den Errege Kopako final handia dela eta, ETB1ek eta eitb.eus-ek "Aurten Kopa geurea da!" saio berezia eskainiko dute, gaur gauean, 22:30ean. Pedro Mari Goikoetxea kazetariak aurkeztuta, final honetarako bidean egon diren protagonista nagusien iritziak jaso eta momentu historiko hunkigarrienak errepasatuko dituzte. Horrez gain, Athletic eta Realeko zaleek ere finalaren inguruko iritziak partekatuko dituzte.
Saio berezi honetan, Athleticek eta Realak azken aldiz kopa irabazi zuteneko atzera begirada egingo du Pedro Mari Goikoetxeak orduko txapeldunekin. Athleticek 1984an irabazi zuen azken Errege Kopa Bartzelonaren aurka, eta hori gogoratzeko, San Mamesen bilduko dira, besteak beste, Andoni Zubizarreta, Endika Guarrotxena eta Jose Maria Txato Nuñez jokalari historikoak. Endikak sartutako gol hura nolakoa izan zen ikusiko dute berriz, eta Txato Nuñezek Maradonarekin izandako liskarra. Athleticen garaipena ospatzeko, 1984. urtean Bilbon gabarra atera zuteneko momentu hunkigarrienak ere ikusiko ditugu.
Berdin egingo du Goikoetxeak Donostian, Reale Arenan. 1987an Realak Atletico Madrilen aurka irabazitako azken Errege Kopari buruz arituko dira solasean Jose Mari Bakero, Juan Antonio Larrañaga eta Txiki Begiristain. Penaltietan erabakitako golak ekarriko dituzte gogora, eta, nola ez, Arconadak egindako gelditu zoragarriak ere bai. Donostian Alderdi Ederren egindako ospakizun haietako momenturik onenak ere ekarriko dituzte gogora.
Bestalde, Pedro Marik Jose Angel Iribar eta David Zurutuza elkarrizketatuko ditu, bi taldeek final handirako bidean egindako lanak eta ospakizunak errepasatzeko.
Athletic eta Realeko peñetako zaleekin ere egongo da, aurtengo final historiko honi buruz hitz egiteko. Historikoa, bi talde euskaldunen arteko derbi sutsu bat izango delako, eta historikoa, finala bertatik bertara ikusteko aukerarik izango ez dutelako.
Horiez gain, guretzat aurpegi ezagunak diren batzuek ere euren zaletasunaren inguruan hitz egingo digute. Ainhoa Goikoetxea, Eneko Atxa, Lander Otaola eta Anjel Mari Peñagarikano Athletici buruz ariko dira, eta Juan Carlos Etxeberria, Maddalen Arzallus, Jon Plazaola eta Larraitz Lucas Realaren inguruan.
"Aurten Kopa geurea da!" gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.