Itxi

telebista

Kirolak

Donostiako Klasikoa mundu osoan ikusi eta entzungo da, gaur, EITBren eskutik

EITB Media

UCI World Tourreko lasterketaren seinalea telebista, irrati eta Internet bidez zabaltzeko ekoizpen berezia egingo du EITB ikus-entzunezko taldeak. 50 profesionaletik gora arituko dira lanean egun horretan.

0:23
Donostiako Klasikoa

Donostiako Klasikoa jokatuko da gaur (uztailak 31), UCI World Tourreko proba garrantzitsua, Itzulia Basque Country-arekin batera. EITBko hedabideen bitartez, lasterketa mundu osoan ikusi eta entzungo da, ikus-entzunezko taldeak Euskal Herrian egiten den kirolari merezi duen bultzada emateko duen konpromisoa berretsiz. Goizean, 12:00etan hasita, emakume txirrindulariak izango dira lehian; eta arratsaldean, 15:00etatik aurrera, gizonezkoen proba jokatuko da. 

50 profesional baino gehiagok lan egingo dute egun horretan Donostiako Klasikoaren emankizuna telebista, irrati eta Internet bidez zabaltzeko. ETB1en, Euskadi Irratian, Radio Euskadin, eitb.eus-en eta EITB Albisteak eta EITB Nahieran aplikazioen bidez jarraitu ahal izango da proba. 

Telebistako emankizuna Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak gidatuko dute Donostiako Alderdi Ederren kokatutako set berezitik, eta Alfontso Arroiok errepidean gertatzen denaren berri emango du mototik. Goizean, emakumeen lasterketaren kontakizuna egiteko Dorleta Eskarmendi aditua izango dute lagun eta arratsaldeko emankizunean hainbat gonbidatu hartuko dituzte zuzenean. 

Donostiako Klasikoaren telebista seinalea lau haizetara zabaltzeko lau moto izango ditu EITBk errepidean (hiru kamerari eta kazetari bat eramanez) eta hamar kamera helmugan. Motoetako batean Gyrobike kamera joango da, errepideko irudiak modu egonkor batean eskaintzen dituena. Helikopteroak lasterketaren plano zabalak eskainiko ditu airetik eta hegazkin bat emankizuneko seinalea eramateaz arduratuko da. 

Euskadi Irratiko emanaldia Maitane Urbietak gidatuko du. Kontakizuna egiteko Jon Hernandez (estudiotik) eta Iñaki Berastegi (mototik) kazetariak eta Eugenio Goikoetxea aditua izango ditu lagun. Radio Euskadiri dagokionez, Alberto Negro arituko da esatari lanetan, Joseba Beloki adituarekin. Dani Egañak mototik jarraituko du lasterketa. 

Abuztuan beste bi hitzordu                                              

Txirrindularitza eskaintzak jarraipena izango du abuztuan. Igandean, abuztuak 1, Getxoko Sari Nagusia izango dugu ikusgai, eta abuztuaren 3tik 7ra Burgosko Itzulia. Getxoko probaren emanaldia 12:00etan hasiko da ETB4n eta 15:00etatik aurrera ETB1en izango du segida. Burgoskoa, berriz, 15:00etan hasiko da egunero.