Itxi

albistea

75. urtemuga

Programazio berezia EITBn, Gernikako bonbardaketaren harira

EITB

eitb.com-ek, esaterako, orain gertatzen ariko balitz moduan kontatuko du Gernikako bonbardaketa bere Twitter kontuaren bidez.

01:34
Gernika eta Durangoko bonbardaketak, EITBn

Gernikako Bonbardaketaren 75. urtemuga beteko da hilabete barru, apirilaren 26an. Hori dela eta, historiaren atal ikaragarria oroituz jarraipen eta programazio berezia egingo dute EITBko hedabideetan, Euskal Telebista, Euskadi Irratia, Radio Euskadi eta eitb.com-en.

Gernikakoa ez ezik, datorren astean izango den Durangoko Bonbardaketaren urteurrena ere oroituko dute irrati telebista eta Interneten.

ETB Gernikan izango da apirilaren 26an albistegi guztiekin

Apirilaren 26an Euskal Telebistako albistegi zerbitzuak Gernikan izango dira. Eguneko albiste tarte guztien kokaleku izango da. Hasi 'Egun On Euskadi' goiztiarrarekin, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri'ren edizio guztiekin jarraituz eta 'Azpimarra' eta 'Gauberri'rekin amaitzeko. Bertatik emango dute berri zabal eta egunean izango diren ekitaldi guztien oihartzun ere izango dira.

Aurreko asteburutik hasita, dena den, erreportaje sorta hasiko dira eskaintzen 'Gaur Egun' eta 'Teleberri'n. Gernikako Bonbardaketaren iragana, oraina eta etorkizunari erreparatuko diote. Euskadin izandako ondorio eta eraginaz gain, nazioartean utzitako urratsa ere jorratuko dute. Bai Bilboko erredaktoreek eta baita nazioarteko berriemaile sareak ere hainbat alderdietatik landuko du gaia.

Horrekin guztiarekin batera, programazioan ere leku nabarmena izango du Gernikak. 'Ni Más Ni Menos' eta 'Euskadi Directo'ko erreportariak zuzenean izango dira. Beste saio batzuen artean, halaber, 'Forum' eta 'Bisitaria'k urtemugari erreparatuko diote.

Euskal Telebistak dokumental eta saio bereziak iragarri ditu datozen egunetan hasita Durango eta Gernikako bonbardaketen urtemugaren harian.

Estreinaldi bat badakarte ere gaiaren inguruan: Zerutik sua dator apirilaren 25ean emango da ETB-1en. Espainiako Gerra Zibilean Bizkaiak jasan zituen bonbardaketa ugariei eta haien ondorioei buruzkoa da. Ekaitz Rodriguezek zuzendutako saioan bonbardaketak jasan dituzten pertsonen lekukotzak jasotzen dira. Esperientzia horiek bizi zituztenek egiten dute kontakizuna lehenengo pertsonan eta haiekin batera belaunaldi gazteagoko pertsona batzuk agertzen dira, bizipen horiek entzun eta bonbardaketak jasan zituzten protagonistak elkarrizketatzen dituztenak.

Aurretik, ostera, datorren astean, martxoaren 29an, ETB-2n, Durango, el bombardeo silenciado izango dugu ikusgai eta ETB-1en bonbardaketaren egunean bertan, hilaren 31an, Durango, bonbardaketa ixila.

Apirilaren 5ean, Ostegun Santu egunean, ETB-2n hiru ekoizpen interesgarri eskainiko dira: El bombardeo de Gernika, La idea de mi muerte eta Los niños del Gernika. Hirugarren dokumental hau BBCrena da eta estreinaldia izango da.

Programazio berezia aurkezteko trantsizio irudiak landu dituzte ETBn, Picassoren artelan ospetsua inspirazio dutela.

Bestalde, udazkenean estreinatzeko asmoa duen bi ataleko saila prestatzen ari da Euskal Telebista. Luis Marias izango da zuzendaria eta berak idatzitako gidoia izango du oinarri.


Euskadi Irratia eta Radio Euskadi Gernikan

Ahalegin berezia egingo dute EITBko irratiek ere urtemugaren inguruan. Apirilaren 26an, Euskadi Irratiko 'Faktoria' eguneroko goizeko irratsaioa eta baita 'Mezularia' ere bertatik izango dira, baita Radio Euskadiko 'Boulevard' eta 'Graffiti' saioak ere.

Bestalde, 'Kaja Beltza' saioak Gernikako Bonbardaketak inspiratu zituen abestiak eskainiko ditu eta 'La Mecanica del Caracol' saioak erasoaren herritik alderdi historikoaren azterketa egingo du. Gernikaren historia errepasatuko du, foruei erreparatuz eta bonbardaketaren testuinguru historikoa aztertuz.

Eta, nola ez, Gernikan izango dira albistegi nagusiak, egunak emango duena zuzen-zuzenean biltzeko.


Gernikako Bonbardaketa twitter bidez kontatua eitb.com-en

Ekimen berritzailea jarriko du abian eitb.com-ek Gernikako Bonbardaketaren inguruan. Twitter bidez kontatuko dute bonbardaketa, gaur egun gertatu izan balitz bezala eta bederatzi pertsonaia historikoen tweet-en bidez.

Ekimen hau eitb.com-ek beren-beregi Gernikako Bonbardaketaren 75. urtemugaren inguruan landuko duen atarian jarraitu ahal izango da. Hori guztia posible egiteko eta gertakizun historikoei zorrotz eta zuhur jarraitzeko, Gernikako Bakearen Museoarekin elkarlanean aritu da eitb.com-eko lan-taldea ekimena prestatzen. Museoaren laguntza izan dute alderdi historikoa egoki lantzeko.

Horrez gain, Nahieran izango dira EITBk Gernika eta Durangoko bonbardaketen inguruan egindako dokumental sorta. Nola ez, irrati zein telebista bidez egingo den jarraipen zabala ere eitb.com-en bertatik jarraitu ahal izango da.