Gizartea -

75. urteurrena

Durangok eta Gernikak Gerra Zibileko bonbardaketak antzeztuko dituzte

Musika, dantza eta hainbat jarduera artistiko uztartuko dituzte. Durangon ostiralean dute hitzordua, eta Gernikan, berriz, apirilaren 20an. eitb.com-ek Twitter bidez gogoratuko ditu bonbardaketak.

Gernikako bonbardaketa. Argazkia: EITB
Gernikako bonbardaketa
Gernikako bonbardaketa. Argazkia: EITB

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Musika, dantza eta beste zenbait jarduera artistiko uztartuko dituzten bi antzezlan antolatu ditu Bizkaiko Firu Aldundiak orain 75 urte Gernikak eta Durangok jasan zuten bonbardaketak gogoratzeko.

Durangoko hitzordua ostiral honetan izango da, hilak 30, 1937ko martxoaren 31n jasandako bonbardaketaren 75. urteurrenaren bezperan. Durangoko herritarrekin batera, Otxandioko, Elorrioko, Abadiñoko, Galdakaoko, Amorebieta-Etxanoko eta Berrizko herritarrek hartuko dute parte. Ikus-entzunezko hainbat lan ere eskainiko dira egun horretan, tartean Durangorekin anaituta dagoen Alemaniako Dresde herriko umeek egindako lanak.

Apirilaren 26an Gernikak jasandako bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak, berriz, apirilaren 20an egingo dituzte. Oreka TX musika taldeak eta Kukai dantza konpainiak hartuko dute parte, eta, musika eta dantzaz gain, ikuskizunak margolanak eta artxiboko irudiak uztartuko ditu.

1937an Bizkaiak jasandako bonbardaketa gogoratzeko ekitaldiak abenduan jarri ziren martxan, 'Zerutik Sua Dator' dokumentalaren estreinaldiarekin.

Gernikako Bonbardaketa twitter bidez kontatua eitb.com-en

Ekimen berritzailea jarriko du abian eitb.com-ek Gernikako Bonbardaketaren inguruan. Twitter bidez kontatuko dute bonbardaketa, gaur egun gertatu izan balitz bezala eta bederatzi pertsonaia historikoen tweet-en bidez.

Ekimen hau eitb.com-ek beren-beregi Gernikako Bonbardaketaren 75. urtemugaren inguruan landuko duen atarian jarraitu ahal izango da. Hori guztia posible egiteko eta gertakizun historikoei zorrotz eta zuhur jarraitzeko, Gernikako Bakearen Museoarekin elkarlanean aritu da eitb.com-eko lan-taldea ekimena prestatzen. Museoaren laguntza izan dute alderdi historikoa egoki lantzeko.

Horrez gain, Nahieran izango dira EITBk Gernika eta Durangoko bonbardaketen inguruan egindako dokumental sorta. Nola ez, irrati zein telebista bidez egingo den jarraipen zabala ere eitb.com-en bertatik jarraitu ahal izango da.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea