albistea
Txirrindularitza
Italiako Giroa, larunbatetik aurrera, zuzenean, ETB-1 eta eitb.com-en
A.A.
EITB
Fermin Aramendik eta Xabier Usabiagak egingo dute eguneko etaparen kontakizuna.
-
Fermin Aramendi eta Xabier Usabiaga. EITB
Euskal Telebistak Italiako Giroa eskainiko du larunbat honetatik aurrera. Arratsaldero kirol emankizuna osatuko du ETB-1ek, Fermin Aramendiren eta Xabier Usabiagaren kontakizunarekin, etaparen nondik norakoak jarraitzeko. Emanaldia, halaber, eitb.com-en jarraitu ahal izango da streaming-aren bitartez. Bestalde, Alfontso Arroio kiroletako bidali bereziak eguneko kronika eskainiko du 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietan.
Danimarkako Herning herrian hasiko da Giroaren 95. edizioa larunbat honetan eta datorren maiatzaren 27an amaituko da Milanen. Bertan gertatzen den guztia egunez egun jarraitu ahal izango dute ikus-entzuleek ETB-1en arratsaldeko hirurak bueltan, Fermin Aramendi eta Xabier Usabiagaren eskutik, eta interneten. Zuzeneko emankizuna ikusterik ez dutenek bigarren aukera izango dute 20:30ean ETBK Sat-en.
Bestalde, 'Gaur Egun' eta 'Teleberri' albistegietako kirol tarteetan egunero zabalduko diote leihoa Italiako Giroari. Alfontso Arroio izango dute berriemaile bertatik, eguneko etaparen laburpena eta informazio osagarria eskaintzeko.
eitb.com-en, telebistako zuzeneko irudiak ez ezik, etapa guztien profilak, lasterketaren bideoak, sailkapenak, kronikak eta argazkiak daude eskura, Xabier Usabiagaren blogarekin batera.
Futbola eta pilota ETBK Sat-en
Larunbateko kirol programazioan beste lau kirol emanaldi nabarmendu daitezke: 12:30ean, afizionatu mailako Gravn Txapelketako eskuzko finalak eskainiko dira; 16:30ean, areto futbol ligako El Pozo Murcia-Oid Talavera partida; 18:00etan, Bigarren Mailako Sabadell-Celta futbol neurketa eta 22:30ean, Urriza-Olazar / Uterga-Ion erremonte norgehiagoka.