albistea
1.000 saio
'Mihiluze'k aste berezi batekin ospatuko du 1.000 saioa
A.E.
EITB
Zazpi denboraldi hauetan 'Mihiluze'tik pasa diren Lehiakide Onenen Liga astelehenean hasiko da. Halaber, famatuekin saio berezia izango da ekainaren 9an.
-
'Mihiluze' 1.000 programa. Ilaski Serrano eta Kike Amonarriz.
ETB1-eko 'Mihiluze' lehiaketak zazpigarren denboraldia du aurtengoa eta, eta gaur egungo telebistan, ia ezinezkoa den zenbakira iritsi da, 1000. saiora. Hori behar den bezala ospatzeko Kike Amonarrizek eta Ilaski Serranok aurkezten duten lehiaketak aste berezia prestatu du ekainaren 4tik aurrera.
Zazpi denboraldi hauetan 'Mihiluze'tik pasa diren Lehiakide Onenen Liga antolatuko du. Dibertsioz, pasioz eta tentsioz beteriko 4 saiotan, historian zakurik handienak eskuratu dituzten eta egun gehien igaro dituzten 9 bikoteek hartuko dute parte liga honetan. Helburua: 'Mihiluze'ko lehiakide onenen artean bikoterik onena aurkitzea. Horrek noski saria izango du eta 5.000 euroko zakua egongo da jokoan.
Lehen final erdikoa ekainaren 4an, astelehenean, emitituko da eta bertan lehian ikusiko ditugun bikoteak Erromo eta Bilboko Erlantz eta Ainhoa, Gabiriako Oier eta Jokin lehengusuak, eta Zarauzko Onditz eta Eneko anai-arrebak izango dira.
Bigarren final erdia asteartean, ekainaren 5ean, jokatuko da. Azpeitiko Aitor eta Eñaut ikusiko ditugu. Beraiekin batera Gabiria eta Ataungo Nerea eta Ainara, Mihiluzeren historian saio gehien iraun duen bikotea. Hirugarrenak lehian Xanti eta Antton izango dira, Tolosako eta Alegiako bi mutil.
Hirugarren final erdian, final handirako pase bila Izaskun eta Iker lekeitiarrak ikusiko ditugu. Inoiz 'Mihiluze'k banatu duen zakurik handiena eskuratu zuten hauek. Donostiako eta Pasaiako Josu eta Usoa eta Azpeitiko Iñigo eta Igor dira beste bi bikoteak.
Lehia bizia aurreikusten da, zerbaitegatik dago jokoan 'Mihiluze'ko lehiakide onenen artean onena aurkitzea. Eta noski 5.000 euroko zakua lortzea
Ez da ordea aste horrek izango duen berezitasun bakarra. 1000 saio ez dira egunero egiten eta etxekoak saritu nahi ditu famatuz, umorez eta dibertsioz beteriko saio berezi batekin.
Saio berezia famatuekin igandean, ekainaren 9an
1000. astea behar den bezala amaitzeko festa erraldoia antolatuko dute. Bertan Mikel Goñi pilotariak eta Julian Iantzi aurkezleak, Urko Aristi eguraldi-gizonak eta Sara Gandara kirol aurkezleak, eta Nagore Aranburu eta Mikel Pagadi aktoreek parte hartuko dute. Erantzukizun handia izango du 1000 saio berezi horretako finalera iristen den bikoteak, Mihiluzeko bi ikusle Lanzarotera, Parisera edo New Yorkera bidaliko baititu aste osorako.
Horretarako, Mihiluzeko ikusleek eitb.com-en Mihiluzeren webgunean sartu behar dute eta 3 famatu-bikote horietatik finalera nor iritsiko den asmatu beharko dute. Asmatzen dutenen artean zozkatuko da 2 lagunentzako bidaia. Irabazlearen izena 1000. saio bereziaren amaieran emango da jakitera.
Mihiluzek, 1.000 saio
2006ko otsailaren 2an ikusi genuen lehen aldiz pantailan 'Mihiluze', ordu eta erdiko formatuan. Orduan lehiakideek hirunaka jokatzen zuten, eta hainbat proba eta tartez osatzen zen programa. Zazpi denboraldi egin ditu ordutik. Euskal Herri osoko lehiakideak pasa dira bertatik urte hauetan guztietan: 2.000 lagunetik gora. Normalean lehiaketa helduekin egiten bada ere, saio bereziak burutu izan dira haurrekin, gaztetxoekin eta famatuekin.
Urte hauetan une garrantzitsuak ere bizi izan ditu Orio ekoiztetxeak eginiko lehiaketa honek. Besteak beste, Argia saria lortu zuen 2008. urtean, edota 2011. urtean, 17. Korrikaren mezua idatzi zuten 'Mihiluze'ko aurkezleek eta azken kilometroan lekukoa eramateko ohorea izan zuten. 2009an 'Mihiluze'ri buruzko Udako Ikastaro berezia eskaini zuten Miramar Jauregian, saio berezi batekin amaituz.
'Mihiluze'k gainera ETBko mugak gainditu ditu. Kataluniako TV3n 'Bocamoll' izeneko hango bertsioak arrakasta handia lortu du 4 denboralditan. 'Mihiluze'k 3 mahai-jolas eta PC joko bat ere argitaratu ditu, jokoak web-ean jartzeaz gain. Bestalde, asko dira ikastetxeetan, euskararen egun edo asteetan eta herriko festetan antolatu izan diren bereziak.