Itxi

albistea

U-21 Hauteskundeak

Hauteskunde gauaren inguruko informazio osoa EITBn

A.E.

EITB

Euskal Telebista, Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta eitb.com-en egunean zehar jarraipen zabala egingo zaio hauteskunde egunari eta gauean saio bereziak emango dira.

00:27
Hauteskunde gaueko emaitza guztiak,gaur, ETB-1en

Urriaren 21eko hauteskunde autonomikoak bizi-bizi eta bertatik bertara jarraitzeko aukera eskainiko du EITBk  Euskal Telebista, Radio Euskadi, Euskadi Irratia eta eitb.com-en bidez. Egunean zehar hedabide ezberdinetan berri emateaz gainera, 19:30etik aurrera saio bereziak hasiko dira.

EITBko egoitzan ere gaua jarraitu ahal izango dute euskal blogariek. Aurreko hauteskunde hitzorduetan bezala, blogari taldea izango da bertan eta sarean oro har, blog-etan eta twitter eta facebook sare sozialetan emaitzak eta informazioa nola jarraitu den ere kontatuko dute.

Telebistako informazioari dagokionez, ETB-2n Estibaliz Ruiz de Azua, Africa Baeta eta Asier Odriozola izango dira albistegiaren gidariak 19:30ean hasita. Hauteskunde emaitzekin batera, eguneko informazio orokorra eta kirol jardunaldiko azken ordua eskainiko dituzte.

ETB-2ko saioan, gainera, Alfredo Retortillo politologoak emaitzak aztertuko ditu. Alderdi politikoen egoitzetan, Lehendakaritzan eta hautesleku batean ere egongo dira zuzenean. Horrez gain, Galizarekin egingo dute bat bertako hauteskunde eguneraren nondik norakoak kontatzeko.

20:00etan Ipsos enpresak EITBrentzat landutako galdeketaren emaitzekin abiatuko dira. Lehen emaitza ofizialak 21:00etarako egongo direla espero da, eta une horretan Idoia Mendia Barne eta Justizia sailburuak eta Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak agerraldia gingo du.

Platoan, politikoen mahaia ere izango da, urriaren 21eko emaitzen ondorengo mapa politikoaz hausnarketa egingo dute.

Bestalde, ETB-1en Saioa Martijak, Ander Arzakek eta Xabier Usabiagak gidatuko dute programa berezia. Eurekin batera, Asier Blas, EHU/UPVko politologoa; Eider Alkorta, EHU/UPVko soziologoa; Felix Arrieta, Deustoko Unibertsitateko soziologoa; Jose Luis Lizundia, euskaltzaina; Pilar Kaltzada eta Maite Ubiria kazetariak, eta Arantxa Urretabizkaia idazlea egongo dira.

Radio Euskadi eta Euskadi Irratia

EITBko irratiek ere hauteskunde gaua zuzen-zuzenean biziko dute. Emaitzak berehala eskaintzeaz gain, hausnarketa ere bilduko dute irratsaio berezi hauetan.

Euskadi Irratian, 19:45tik aurrera, adi-adi jarraituko diote galdeketa eta emaitzei, alderdien erreakzioa jasoz. Euskadi Irratiak 25 lagunez osatutako lan-taldea jarriko du hauteskunde gauaren jarraipena egiteko kazetari eta teknikoen artean. Beatriz Zabaleta izango da saioaren gidari eta arduradun, Eusko Autonomia Erkidegoko sei alderdi nagusien egoitzetan dauden kazetariekin bat egingo du berak. Hortaz gain, Galizira ere begiratuko dute, hango hauteskundeen berri emateko.

Datuen inguruko hausnarketa Xabier Aierdi soziologoak eta Nerea Azurmendi eta Mikel Irizar Euskadi Irratiko ohiko tertulia kideek egingo dute.

Radio Euskadin, Dani Alvarez eta Xabier Garcia Ramsdenek 19:55etan hasi eta 00:00etan amaituko den irratsaio berezia eskainiko dute. Ipsos enpresaren galdeketako emaitzekin ekingo diote eta ondoren, etengabean sortuko diren berri eta emaitzak bilduko dituzte. Irratsaio berezian parte hartuko dute, halaber, Gorka Landaburu, Juanjo Alvarez, Rafael Suso eta Mariano Ferrer solaskide ohiek. Horrez gain, protagonisten ahotsa eta hainbat komunikabideetako kazetarien azterketa ere jasoko dute.

eitb.com

ETB-1 eta ETB-2ko albistegi bereziak eitb.com-en zuzenean emateaz gainera, EITBk ahalegin berezia egingo du interneten punta-puntako informazioa eskaintzeko. Kanpainan zehar egin duten bezalaxe, hauteskunde egunean ere albiste, irudi eta bideoak une oro berrituko dituzte, herritarrek eskuragarri izateko http://www.eitb.com/eu/hauteskundeak/eaeko-autonomikoak/ web gune berezian . Emaitza ofizialak heldu ahala agertuko dira bertan eta beste urteetako datuekin alderatzeko aukera egongo da.

Emaitzak herriz herri etengabe eguneratuko dira, gaueko gora beheren jarraipen estua eginez. Gainera, erabiltzaileek euren herriko datuak modu errazean aurkitu ahal izango dituzte, eskuera izango den emaitzen bilatzailearen bidez.