albistea
Igandean
Bilbao Basket-Caja Laboral derbia, zuzenean, ETB-1en eta eitb.com-en
A.A.
EITB
Eibarko pilota jaialdiko partida nagusian Retegi Bi-Barriola eta Idoate-Zabaleta izango dira aurrez aurre.
-
Argazkia: EFE.
Endesa Ligako saskibaloi emanaldiarekin ekingo diote kirol emanaldiei ETBn igande honetan. Bilbao Basket eta Caja Laboral taldeen arteko norgehiagoka izango da ikusgai ETB-1en eta eitb.com-en zuzenean, 12:15etik aurrera. Asier Aranguren, Josean Aldalur eta Juan de la Vega izango dira berriemaile.
15:30ean, errugbiari egingo diote tartetxoa ETBKn. Goizean Ampo Ordizia eta Getxo Artea taldeen arteko norgehiagokan gertatutakoak ekarriko dizkigute Jon Ander Gorospek eta Iñaki Laskurainek.
ETB-1era itzuliz, 16:00etan, herri kirolei eskainitako saioan, bezperan Bilbon jokatutako aizkolarien Eusko Label Sariko hirugarren jardunaldiaren ingurukoak bilduko dituzte Koldo Aldalurrek eta Joxe Etxebestek.
17:00etan, ohi denez, pilota emankizuna hasiko da (ETB-1 eta eitb.com). Eibarko jaialdiaren kontakizuna egingo dute Xabier Euzkitzek, Joxan Tolosak eta Elena Azpeitiak. Atariko neurketan, Apezetxea-Merino I eta Olazabal-Cecilio izango dira aurrez aurre eta partida nagusian, Julen Retegi-Barriola eta Idoate-Zabaleta.
19:00etan, Igorren jokatutako ziklo kross probaren laburpena egingo du Alfontso Arroiok ETBKn eta 19:30etik aurrera futbol jardunaldiaren errepasoa egingo dute Mikel Olazabalek gidatzen duen 'Gol Festa' saioan, ETB-1en. Arreta berezia eskainiko diote San Mamesen jokatutako Athletic-Celta partidari.