Itxi

6 Argazkitan

Gaur gauean

Miguel Lazpiur enpresariaren bizitzan barrena, '6 Argazkitan'

A.A.

EiTB

Confebaskeko presidente izandako gizona gertutik ezagutzeko aukera eskainiko digu Pedro Mari Goikoetxeak.

2:06

Miguel Lazpiur 2005urtetik 2011 urtera bitartean Confebaskeko presidente izan zenaren bizitza errepasatuko dute gaur gaueko '6 Argazkitan' saioan, Pedro Mari Goikoetxearen eskutik.

Miguel Lazpiurrek, Agustin anaiarekin batera, familiako enpresa zuzentzen du, Bergarako Lazpiur, 100 urte bete berri dituena. Enpresa aitonak sortu zuen. Zapatagintza tailerra zen hasieran, eta egunean 250 zapata pare ere egiten zituzten 1914. urtean. Gerra ondoren, Miguelen aitak enpresari berriro heldu, eta iltzegintzan hasi zen. Baina Miguelek sormenerako sena zuen, eta, 20 urte zituela, tornu bat erosteko konbentzitzu zuen aita. Hala, bigarren eskuko tornua erosi zuen Pepe Lazpiurrek, 50.000 pezetan. Laster iltzeak egiteari utzi, eta piezak egiten hasi ziren.

Gure aste honetako protagonistak bizikleta hartuta tailerrez tailer ibiltzen zen Bergaran eta inguruan, bezero bila, eta gutxinaka-gutxinaka enpresa sendotuz joan zen. 1964an, Miguelek makina bat diseinatu eta patentatu zuen. Bergaran oso ezaguna den gizon honek sekretu asko erakutsiko dizkigu datorren '6 Argazkitan' saioan.

Gaztetan antzerkia egindakoa, margolaria, ehiztaria eta antzinako autoen bildumagilea. Agustin anaiarekin batera, 10 bat automobil eta 50 motor ditu gordeta, benetako altxorrak. Pedro Marik horietako batean paseatzeko parada izango du.

Horrez gainera, 1960ko hamarkadan zer nolako monologoak egiten ziren entzun ahal izango dugu Lazpiurren eskutik. Eta 100 urte bete dituen enpresa batek krisiari nola aurre egin dion jakingo dugu. Confebasken ere garai zailak tokatu zitzaizkion Miguel Lazpiurri: ETAk Jose Mari Korta erail eta bost urtera, enpresarien zuzendaritza kargua hartu nahi ez zuenean, berak aurrerapausoa eman zuen. Nola eta zergatik, Miguel Lazpiurrek berak kontatuko digu detaile guztiekin gaur, 21:50etik aurrera.