Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Literatura

Edorta Jimenez idazleari elkarrizketa, 13:30ean, 'Arte[faktua]'n

EiTB

Asel Luzarraga idazle eta itzultzailea izango du Edortak gonbidatu.

  • Edorta Jimenez idazleari elkarrizketa, larunbatean, 'Arte[faktua]'n.

    Edorta Jimenez idazleari elkarrizketa, larunbatean, 'Arte[faktua]'n.

Edorta Jimenez izango da 'Arte[faktua]' literatur saioan aste honetako gonbidatua. Mundakan jaio eta bertan bizi da Edorta Jimenez, eta hantxe elkartu da Yolanda Mendiola aurkezlearekin, bere azken eleberriaz, Ostadarrak lurra ukitzen duen lekua izenekoaz, hitz egiteko. Liburuan bada etengabe azaltzen den ideia bat: gure artean ustelkeria ez dela salbuespen bat, egunerokoa baizik. Eta ustelkeriaren kasuan sartzen dira arrantzale tostartekoen aurkako jazarraldiak, terrorismoaz akusaturikoen kontrako torturak, pisu batean ETAko militante baten heriotzarekin amaituko den ekintza, pilota-kolpe batez hildako gaztea.

Irakasle ikasketak egin zituen Edorta Jimenezek. Literatur lanak egiteaz gain, itzulpen, irakasle, kazetari eta telebista zein zinemarako gidoilari lanak izan ditu ogibide. Oso idazle oparoa da, eta ia genero guztiak landu ditu.

Jimenezek gonbidatuta, Asel Luzarraga batuko da elkarrizketara saioaren akaberan. Enpresa Zientzietan diplomatua eta Euskal Filologian lizentziatua da Luzarraga, Punkamine punk musika taldeko abeslari eta liderra izan zen, saiakera lan bat eta zazpi eleberri argitaratu ditu, eta itzulpengintza du gaur egun ogibide.

Irakurlearen tartean, Miren Rico gasteiztarrak bere gustuko liburu baten aipamena egingo digu. Galdetegia tartean, ordea, estimukoak dituzten liburu bana aipatuko digute hiru idazlek: Karlos Cid Abasolok, Katixa Agirrek eta Juan Martin Elexpuruk.

Aretz Igiñiz errugbi jokalari lapurtarrak lagunduko digu aste honetako liburu apalategia osatzen. Amaitzeko, Tuterako Argia ikastolatik Marek bidalitakoa izango da aste honetako booktubea. Bertan, Lur Gallastegi idazlearen Uda bat Senegalen eleberria gomendatuko digu.

'Arte[faktua]' gaur izango da ikusgai, 13:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.