Itxi

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Arte[faktua]

Literatura

Elena Olave idazlea, 15:00etan, "Arte[faktua]" saioan

EITB

'Zeldak. Gorputz honetatik' poema liburua aurkeztuko du idazleak.

0:48
Elena Olave

Elena Olave idazle durangarra izango da aste honetako "Arte[faktua]" saioan gonbidatu. Zorrotzaurreko Pabellon 6 kulturgunean elkartuko dira berarekin, Balea Zuria argitaletxearen eskutik plazaratutako Zeldak. Gorputz honetatik poema liburuaz hitz egiteko. Louise Borgeois frantziar eskultorearen zeldetan aurkitu zuen Olavek inspirazioa. Lau ataletan banatuta dago liburua: lehenengo hirurak, zelda horien barnetik idatziak; azkena, berriz, kanpo perspektiba batetik. Aipuz eta erreferentziaz beterik dago poema bilduma. Lehiaketa batera aurkeztu zuen liburua, eta, nahiz eta irabazi ez, finalista izan zen, eta Balea Zuria argitaletxeak argitaratzeko interesa izan zuen. Hitzaurrea Joseba Sarrionandiak idatzia da.

Olave Artearen Historian graduatua da Gasteizko EHUn. Gaztetan hasi zen idazten. Durangoko Udalak antolatzen duen Julene Azpeitia sariketa irabazi zuen 2015ean Ane Inventarium ipuinarekin. Herriko gazteek argitaratzen duten Berbak aldizkarian ere hainbat ekarpen egin ditu. 18 urte zituen Zeldak ipuin liburua argitaratu zuenean.

Izaskun Araluzea Itza artista garaikidea gonbidatu du Olavek elkarrizketara. Urolako Hitza-n kulturaren inguruko iritzi artikulu bat idazten du hilero. Zerk lotzen dituen, Elenaren liburuaz zer pentsatzen duten, artea eta literatura nola uztartzen diren, euskaraz sortzeak zelan eragiten dien edota euren buruak hogei urte barru nola ikusten dituzten kontatuko digute solasaldian.

Maitena Salinas Pasaia Itsas Festibaleko koordinatzaileak bere liburu kuttunen berri emango digu Apalat[egia] tartean. Albaola Itsas Kultur Faktorian izango gara berarekin.
Bestalde, Irakurlea atalean, Graciela Donnis Pabellon 6eko Gazte Konpainiako kideak Cheryl Strayeden Salvaje liburuaren gomendioa egingo du.

Aste honetako Galdetegia-n, berriz, Goizalde Landabasok, Castillo Suarezek eta Dani Fanok, astero legez, literaturaren inguruko galdera banari erantzungo diote.
Horretaz gain, Sakanako Aingeru Mikeok Txillardegiren Elsa Scheelen liburuaz hitz egingo du Booktuber atalean.

Azkenik, asteroko nobedadeek, pitxiek eta Brönte, Karrikiri, Hitz eta Baionako Elkar liburu-denden gomendioek osatuko dute saioa.

"Arte[faktua]" saioa gaur izango da ikusgai, 15:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.