Asko maite zaitut
Omenaldia
Hitzik gabe gelditu dira Migeltxo eta Manolo euren omenaldian!
A.A.
Donostiarra Arraun Taldeko langile isilak dira biak eta bertako kide eta arraunlariek egiten duten lan hori eskertu nahi izan diete biei.
Erabat hunkituta, hitzik gabe eta malkoak begi ertzean zituztela erantzun diote Migeltxo Iturriozek eta Manolo Berasategik Donostiarra Arraun Elkarteko arraunlariek 'Asko maite zaitut' saioan egin dieten omenaldiari. Donostiako portuan, arraun taldearen entrenamendu baten aurretik, ezustean harrapatu dituzte taldeko bi langileak omenaldia egiteko.
Migeltxok eta Manolok urte pila bat daramatzate Kaiarriba-Donostiarra arraun elkartean lanean. Beti bigarren planoan aritzen diren langile isilak dira; konponketak egiten dituzte lonjan duten tailertxoan, trainerua itsasora eramaten dute entrenamenduak eta estropadak dauden bakoitzean, arraunlariek behar duten guztirako prest egoten dira biak, beti lanean, beti laguntzen. Zeregin horien nondik norakoak aurreratu zizkioten Zuhaitz Gurrutxagari, honek beste kontu baten aitzakian Donostiarraren lonjara egin zuen bisitan.
Lan hori eskertu nahi izan diete klubeko arraunlariek, eta familiakoak ere konplize bihurtu dituzte Migeltxori eta Manolori egindako omenaldian. Batetik, Martin Berasategi sukaldari ezagunaren laguntza izan dute, Manolo bere anaia baita. Bestetik, Migeltxoren bi semeak ere tartean izan dira, gainerako familiako kide eta lagunekin batera.
Hasieran, zerbait arraroa gertatzen zela ikusita, Migeltxok atzera egin du, baina arraunlariek konbentzitu ostean, malkoak ageri dira bai Migeltxoren bai Manoloren begi ertzeetan. Izan ere, biak Donostiako elkarte gastronomikoetako kide direnez, Donostiako Danborrada ere bertan izan da. Nola ez! Azkenenean, batuta hartuta, beraiek ere danborradaren zuzendari lanetan amaitu dute!
Migeltxo Iturrioz eta Manolo Berasategi protagonista dituen saio osoa EiTB Nahieran atarian dago ikusgai.