Itxi

Baserria

Baserria

Baserria

22:30ean

"Baserritik kalera" saio berezia, gaur gauean, ETB1en eta eitb.eus-en

EITB Media

Kaletarrak baserri giroan ikusi ondoren, oraingoan, baserritarrek lehiaketako bikoteen bizilekuak ezagutuko dituzte.

0:29
Amalur eta Xabi

"Baserria" lehiaketan parte hartu duten baserritarrak eta kaletarrak hobeto ezagutzeko asmoarekin, ETB1ek "Baserritik kalera" saio berezia eskainiko du gaur gauean. Baserritarrak hainbat herri eta hiritara joango dira, euren kaletar bikotekideak non bizi diren ikusteko eta euren bizimodua eta ohiturak gertutik ezagutzeko. 

Hasteko, Eduk Ibai gonbidatuko du Bilbora. Mutilak gustukoen dituen txoko eta lekuetara eramango du laguna. Ibairen bizi estiloarekin zerikusirik ez duten gauzak egingo dituzte. Besteak beste, look aldaketa proposatuko dio Eduk Ibairi; prest agertuko ote da baserritarra? 

Bestalde, Natalia kaletarrak ere egun-pasa ederra proposatuko dio Xegone baserritarrari Donostia aldean. Lehiaketan bizitako une gogor guztiak ahantzarazi nahiko dizkio, eta horretarako, besteak beste, Donostiako La Perla spa zentrora eramango du Xegone. Burbuilazko igerilekuan edota saunan ikusiko ditugu biak, elkarren arteko tira-bira guztiak baretu nahian. 

Ondoren, Xabi kaletarrak ere, Ordiziara gerturatzeko gonbidapena egingo dio lehiaketan bikotekide izan duen Amalur baserritarrari. Egunero zein errutina duen erakutsiko dio; besteak beste, non eta nola entrenatzen duen. Gainera, Amalur igerilekuan sartzen saiatuko da Xabi; izan ere, jakin badaki beldurra diola. 

Saio berezi honetan, ordea, dena ez da izango baserritik kalerako abentura, Garik eta Gontzalek kontrakoa egingo baitute. Bikote irabazlea baserri giroan ikusiko dute ikus-entzuleek. Garik Gontzal ekarriko du Gordoako baserria ezagutzera; izan ere, Gontzalek askotan esana du “Baserria” saioan baserritar izaten ikasi duela, eta, hori egiaztatzeko, Garik morroi hartuko du egun batez. Gontzalek baserriko lanak egin beharko ditu, eta Gariri haragi salmenta ibiltarian lagundu ere bai. 

"Baserritik kalera" saio berezia 22:30etik aurrera izango da ikusgai ETB1en eta eitb.eus-en.