Baskoniako Historia bat
22:30ean
Euskal gastronomiaren historia, gaur gauean, "Baskoniako Historia bat" saioan
EiTB
Alberto Santanak aurkezten duen saioak euskal produktu tipikoen eta errezeta tradizionalen jatorria aztertuko du.
Gaurko "Baskoniako Historia Bat" saioak euskal elikagaien, janarien eta edarien historia aztertuko du. Produktu tipikoen eta errezeta tradizionalen jatorriaz arituko da, eta Erdi Arora egingo du bidaia euskal "menu historiko" batzuk aztertzeko.
Halaber, Eusko Label produktuei begira jarriko dira; osagai nagusien jatorri geografikoa ikertuko dute eta euskal gastronomia-ohituren hedapenari data jartzen ahaleginduko dira. Besteak beste, gure produktu tipikoak hartuko dituzte hizpide: Tolosako babarrunak, Gernika/Ibarrako piperrak, Arabako patatak, Deustuko tomateak, Ezpeletako piper gorriak edota Errioxako ardoa. Gainera, gure errezeta tradizionalak ere aztertuko dituzte: marmitakoa, porrusalda, babarrun-jana, patatak errioxar erara edota patata-tortilla, bakailaoa, arrain-kontserbak (hegaluzea, antxoa, sardina...), euskal hestebeteak (odolosteak, txorizoa, txistorra, mondejua...) eta esnekiak (gazta eta mamia), baita gure fruitu eta barazki preziatuenak ere.
Alberto Santana historialariak ekoizleak, merkatuak eta sukaldeak bisitatuko ditu, eta euskal kulturak egungo produktu eta jaki tipiko asko Ameriketako trukaketaren ondorioz jaso zituela jakingo du. Horietako elikagai asko, gainera, ez genituen gure janarietara gehitu XIX. mendera arte.
"Baskoniako Historia bat" asteazkenetan izaten da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.