Itxi

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Eitb Kultura

Gaur, ETB1en eta ETB2n

'Francoren bilobari gutuna' antzezlanaz, 'EiTB Kultura Transit' saioan

A.E.|EiTB

Le Petit Théâtre de Pain, Artedrama eta Dejabu taldeek elkarrekin sortutako hirugarren lana da.

Francoren bilobari gutuna antzezlana izango dute hizpide gaur 'EiTB Kultura Transit' saioan. Le Petit Théâtre de Pain, Artedrama eta Dejabu antzerki taldeek elkarrekin sortutako hirugarren lana da, eta Ximun Fuschek zuzendu du. Lanaren izenburuak nazien Alemaniaren ondoren idatzitako gutun bat du oinarri. Antzezlana, ordea, frankismo garaira egokituta dago, eta frankismoak euskal kulturan izandako eragina azaltzen du. 'EiTB Kultura'k saio irekietako batean hartu du parte. Antzezlanaren sormen prozesuko parte dira saio hauek. Datorren astetik aurrera, Euskal Herrian barna taularatuko dute.

Dantza ikuskizun bati ere erreparatuko dio saioak. Gerra Zibil garaian sortutako euskal artisten enbanxadaren omenaldia da. Eresoinkaren itzalak Dantzaz konpainiak, Kea abesbatzak eta Innesferak sortu dute, Donostia 2016ren ekimenez. Arrakastatsu aurkeztu dute Angelun.

Bilboko BIME musika jaialdiaren errepasoa eta Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren Astearen errepasoa ere egingo du 'EiTB Kultura'k.

Sortzaileak atalean, Izaro abeslariaz eta hark kaleratutako Om lehen diskoaz arituko dira. 'Paradise' abestiarekin sarean izan zuen oihartzun handiak bultzatuta, Mallabiko gazteak crowfunding bidez finantzatu du bere lehen diskoa.

'EiTB Kultura Transit' ETB1en 23:20an izango da ikusgai, eta ETB2n, berriz, 01:00ean.