Eskamak kentzen
Gaur, 22:1ean
Kontserberan aparkalekua egin nahi du Genarok 'Eskamak Kentzen'en
A.A.
EiTB
Bere negozio berria kontserberan eraiki nahi du eta oztopoak, bata bestearen atzetik, jartzen dizkie neskei.
Beste oztopo bat jartzen saiatuko da Genaro gaur 'Eskamak Kentzen' telesailean. Oraingoan aparkalekua egin nahiko du kontserberaren ate aurrean. Horrez gainera, Malen Xoleren etxean zer moduz moldatzen den ikusiko dugu.
Genaro, Il Tre Velieri kontserba-lantegiko antzinako jabea, zinegotzi egin dute udalean. Postu perfektua da hori Itsaso, Xole eta gainerako eskabetxerei oztopoak jartzeko. Bere negozio berria kontserberan jartzea du helburu Genarok eta, horretarako, neskak handik bota behar ditu. Oraingoan aparkaleku bat egin nahiko du kontserba-lantegiaren aurre aurrean, baina Garbik eta Xolek ez dute hain erraz amore emango.
Bestetik, Malenek arazoak ditu. Aurreko atalean ahizparekin haserretu zen eta etxetik alde egin zuen. Gau bat lantegian pasa ondoren, Itziarrek bere etxean hartu zuen, baina oso ezberdinak dira eta elkarbizitza ez zen batere erraza izan. Orain, berriz, Xoleren etxera aldatu da. Ikusi egin beharko da Andresek, Xoleren senarrak, nola hartzen duen neska gazte bat etxean!
Itsaso eta kontserberako neskei oztopoak jartzen badizkie ere, Genaro oso ongi konpontzen da Karmentxurekin, Itsasoren amarekin. Atal honetan harreman hori nondik datorren jakingo dugu eta baita Karmentxuri zer gertatzen zaion ere.
Gaur izango da ikusgai 'Eskamak Kentzen' telesailaren 7. atala, 22:15ean, eitb.eus-en eta ETB1en. Orain arteko atal guztiak, EiTB Nahieran-en aurkitu daitezke.