Eskerrik asko Petrov!
Dokumental sorta
Ustelkeria 90eko hamarkadan, 'Eskerrik Asko, Petrov'en 6. atalean
A.E.
EITB
1992-1994 urteei buruzkoa izango da atala. Gaur ETB-1en izango da ikusgai eta ostegunean, martxoaren 7an, ETB-2n.
90eko hamarkadako ustelkeria eta krisia izango dira 'Eskerrik Asko, Petrov!' saioaren seigarren atalaren gai nagusiak. Gorka Otxoak Jose Luis Korta elkarrizketatuko du. Horrez gain, ikastolen publiko ez publiko auzia, Julio Iglesias Zamoraren bahiketa, Balkanetako gerra, Guggenheimen inguruko hika-mika eta 'Goenkale'ren jaiotza ere hizpide izango dituzte. Gaur ETB-1en izango da ikusgai eta hurrengo ostegunean, martxoaren 7an, ETB-2n.
Luis Roldan ustelkeria kasu askoren protagonista izan zen. Urte haietan epaitegiak pil-pilean zeuden. 1993. urtean, krisi labur baina indartsuak 'pelotazoaren kultura' delakoa geldi arazi egin zuen. Arzalluzek esan zuen bezala, "souflea lehertu egin da".
Jose Luis Korta Kontxako Bandera gehien irabazi dituen gizonak gai hau eta beste hamaika aztertuko ditu Gorka Otxoarekin. Orioko traineruarekin eskuratutako garaipenez hitz egingo du, eta, bien bitartean, aktorea entrenatzen jarriko du gogor.
Beste kirol garaipen batzuk ere gogoratuko dituzte saioan: Miguel Indurainek Tourrean lortutako garaipenak; Martin Fiz eta Diego Garciaren urrezko eta zilarrezko dominak Helsinkin; eta Jose Luis Ugarteren Vendée Globe, bakarrik egindako abentura ikaragarria, esaterako.
Indarkeriaren atalean, Julio Iglesias Zamoraren bahiketak ere esanahi handi izan zuen. Lazo urdina erabiltzeak gaitzespena esan nahi zuen.
Euskal Eskola Publikoren Legeak ikastolei sare publikoan sartzeko aukera eman zien, eta hika-mika handia sortu zuen gaiak.
Zeresan handia eman zuen, halaber, Guggenheim Bilbao proiektuak. Kulturaren arloko hainbat lagun alde bazeuden ere, gehientsuenak kontra azaldu ziren. Jorge Oteiza gogor agertu zen proiektuaren aurka. Beste batzuk, Joseba Zulaika antropologoak, esate baterako, oker zeudela onartu dute.
'Eskerrik Asko, Petrov'ek Andoni Egaña, Enrique Urbizu eta Iñaki Beraetxe elkarrizketatuko ditu. Egañak, lau aldiz Euskal Herriko txapeldun izandako bertsolariak, 1993. urtean lehen txapela irabazi zuen. Urbizu euskal zinegile esanguratsuetako bat zen. Beraetxe, berriz, Europako telesail luzeenen artean dagoen 'Goenkale'n zebilen.
Beste gai hauei ere erreparatuko diete 'Eskerrik Asko Petrov-en': etorkin andana iritsi zen, Ramon Sampedro Galizako tetraplejikoak eutanasiaren aldeko borroka hasi zuen eta Alcasserreko hilketen inguruan egunkarietan argitaratu ziren gehiegikeriak.
'Eskerrik Asko, Petrov' ETB-1en 22:15ean eskainiko da gaur.