Gu Ta Gutarrak
'GU TA GUTARRAK'
Lehen edizioko gutarrak eta bigarrenekoak, aurrez aurre 3. edizioan!
L.A | EITB.EUS
EITB
Naomik parte hartzea erabaki ostean, bi taldetan banatu dituzte 14 gutarrak. Lehen edizioan izan zirenek talde bat osatuko dute (urdinak) eta bigarrenean izandakoek, beste bat (arrosa).
'Gu ta gutarrak' saioak Morga atzean utzi eta abentura berri bati ekin dio Orioko aterpetxean. Amodioa eta desamodio, adiskidetasuna eta etsaitasuna, jatorrak eta satorrak, urdinak eta arrosak? denetarik ikusiko dugu hirugarren denboraldi honetan. Ezuste ugari ere bizi izango dituzte gure gutarrek, baina Euskal Herriko kuadrilla jatorrenetan jatorrena osatzea izango da, beste behin ere, Julen Telleriak aurkezten duen saioaren helburu nagusiena.
Argitu gabe geratu ziren gai ugariren erantzunak eman dituzte bigarren atal honetan, besteak beste, Naomik saioan parte hartzea ala ez erabakiko zuen. Izan ere, gasteiztarra Orioko aterpetxera sartu zenean, Txurru eta Edurne jolasean aurkitu zituen eta ez zion grazia handiegirik egin. Naomi eta Txurru jada ez daude batera, biak daude libre, baina badirudi oraindik sugarren bat gera liteke. Dena dela, berriz ere gutar izatea erabaki du Naomik eta, bihotza zabalik eta denari aurre egiteko prest sartu da. Txurruren eta Naomiren artekoa bukatu dela jakinda, Edurnek Mallabikoarengana hurbiltzeko aprobetxatuko al du? Orion denak batera egonda, zer nolakoa izango da Txurru, Naomi eta Edurneren arteko erlazioa?
Beraz, Naomiren baiezkoarekin, 14 gutar ditugu jada hirugarren edizioan: zazpi lehen ediziokoak dira eta beste zazpi, bigarrenekoak. Nola banatuko dira gutarrak? Bada, modu errazenean, edizioka, alegia. Honenbestez, lehen edizioa eta bigarren edizioa aurrez aurre izango dira.
-Lehen edizioko gutarrak: Naomi, Irantzu, Aitor, Enara, Txurru, Aitzol eta Olatz.
-Bigarren edizioko gutarrak: Leku, Eneko, Beitia, Ager, Leire, Edurne eta Iker.
Gainera, Naomi eta Lekuk, bi edizioetako jatorrenetan jatorrenek, talde bakoitzak izango duen kolorea aukeratu dute. Horrela, aurrerantzean, lehen edizioko gutarrak urdinak izango dira; eta, aldiz, bigarren ediziokoak, arrosak. Momentuz, behintzat, ez da gutarbururik izango, baina, halaxe izango al da? Hurrengo ataletan ikusiko dugu honek zer ematen duen.
Gutar horiekin batera, berriak ere izango ditugu saioan. Horrela, aurreko atalean berri bi izango direla jakin genuen eta atzetik ikusi genituen; gaurkoan, ostera, gutar berrien izenak ezagutu ditugu. Mutila Imanol deitzen da eta neska, Sarai. Noiz iritsiko da gutar berri bi hauek ezagutzeko eguna?
Azkenik, denboraldi honetako beste berrikuntza bat: 'Zu bai jatorra' lehiaketa. Bigarren denboraldiaren final handian lehiaketak izan zuen arrakastaren ostean, edizio honetan ere horrekin jarraitzea erabaki dute. Binakako lehia izango da, eta beraien abilidade eta talentuak erakutsiko dituzte gutarrek epaimahai zorrotz baten aurrean. Nakor eta Amaia kuxkuxeroez gain, publikoko beste lagun bat ere izango da epaimahai horretako kide.
Ez galdu 'Gu ta gutarrak' saioa, astelehenetik ostegunera, 21:20tik aurrera, ETB1en!