Herri txiki, Infernu Handi
22:00etan
Legutio, gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan
EiTB
Bertako bizilagunen gorabeherak ezagutuko dituzte Euskal Telebistako deabrutxoek.
Gaur, 'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan, Araba aldean nahastuko dituzte bazterrak Zuhaitzek eta Pagadik, Legution. Arabako urtegi handienetako baten ertzetan arituko dira, Urrunagako urtegiaren inguruko herrian.
Pagadik aspaldiko ezagun bat topatuko du Elosuko inguruetan: Luis Mari Bengoa. Urte luzez ETBko 'Sustraia' saioko gidaria. Luis Marik, baina, badu bere sekretutxoa: tronpeta jotzea maite du eta beti eramaten du autoan berarekin. Soldaduskako instrukzioa egiten bukatuko du Pagadik Luis Marik markatutako doinuen erritmora. Karolinaren eskutik, aldiz, Goiain herria ezagutuko du; Legutioko udalerria osatzen duen herrietako bat. Herri berezia da, biztanle urrikoa, lur zatikatua duena, baina nortasun handikoa. Herrigunean barneratuta, Bittorrekin egingo du topo Pagadik. Bittorrek 1980ko hamarkadako telebista saio eta filmetako mozorroak prestatzen ditu elikadurari buruzko hitzaldiak emateko. Dela astronauta jantzita, dela mamu harrapari mozorrotuta, bere lana eta pasioa uztartzen ditu Bittorrek. Bukatzeko, Aitor Landa ezagutuko du Pagadik. Antza, bere familian, bera da Legutioko lurretatik kanpo sortua den bakarra. Horregatik, bere seme-alabak Legution hazi eta hezi daitezen nahi du.
Zuhaitzek, bere partetik, Javier ezagutuz hasiko du eguna. Javier fruta-jale amorratua da, hori omen du biziorik handiena. Sagarraren hozkadak sortzen duen soinua maite du. Pilarrekin, berriz, Legutioko biztanle askoren pasarte bat errepasatuko du Zuhaitzek. Urrunagako urtegiak herritar askoren sortetxeak estali zituen urez behin-betiko. Eta horixe da, hain zuzen, Pilarren historia. Garraztegi bere etxea urpean izanagatik, ondo gogoan du Pilarrek non zegoen etxea eta zer moduz bizi ziren bertan. Imanolekin, berriz, txikiteo kontuak izango ditu mintzagai Zuhaitzek. Eguneroko obligazio bakarra erraina lanera eramatea du Imanolek. Eta, hori egin ondotik, Legutioko tabernetan egotea maite du. Azkenik eta bukatzeko, Eneka ezagutuko du Zuhaitzek, Pasai San Pedrotik Arabara mugitutako herritarra. Kostaldearen bekaitzik ez izateko, Legution bizitzen jartzea erabaki zuen Enekak, Arabako itsasoetako baten ertzean. Piraguan ibiltzea maite du Enekak eta Zuhaitz berarekin barneratuko da urtegiko uretan.
'Herri Txiki, Infernu Handi' saioan izango dira ikusgai istorio horiek guztiak, gaur 22:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.