Irabazi arte
Aurrestreinaldia
"Irabazi Arte!" telesailaren bigarren denboraldiko aurrestreinaldia eskaini dugu Donostian
EITB Media
Otsailaren 10ean 21:00etan estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en. Aurretik, baina, aurrestreinaldiak antolatu dira Bilbon eta Donostian.
-
"Irabazi Arte" Bilboko aurrestreinaldiaren irudia
Ostiral honetan estreinatuko da ETB1en eta eitb.eus-en "Irabazi Arte!" telesailaren bigarren denboraldia; baina, aurretik, lehen atala ikusteko aukera izan da asteazken honetan, otsailak 8, Donostiako Victoria Eugenia Antzokian egin den aurrestreinaldian. 19:00etan hasi da emanaldia, eta bertan izan dira telesaileko protagonistak.
Azken atalean, Printzesek azken unean salbatu zuten taldea, baina hala ere galdera askorekin utzi zuen publikoa denboraldiaren amaierak. Arene Bartzelonara itzuliko ote da? Printzesen taldeak jolasten jarraituko al du? Amets eta Jon, Jon eta Arene… zer gertatuko da maitasun istorio horretan? Galdera horiek guztiak eta gehiago argituko dira "Irabazi Arte!" telesaileko denboraldi berrian.
Nobedadeak eta istorio berriak
Lehenengo denboraldiak izan zuen harrera bikainaren ondoren, bigarrena ere hemen dugu, nobedadeekin eta istorio berriekin. Aski ezaguna den "Go!azen"eko Pausoka ekoiztetxeak ETBrentzat sortutako telesaila da "Irabazi Arte!", eta Laboral Kutxa, Emakunde eta Joma ditu babesle nagusi.
Javier Garcia de Vicuña da zuzendaria, eta, iaz bezala, Sua Enparantzarekin (Arene) batera, Nahia Sillero (Nora), Ane Garmendia (Itsaso), Ane Iturrate (Leire), Ainhoa Azpitarte (Olatz), Joana Garitano (Lili), Ibai Ugarte (Amets), Aritz Basterra (Jon) eta Ander Rovira (Gorka) aktore gazteek hartzen dute parte. Horiei batu zaie, denboraldi honetan, Nahia Lacalle (Esti) eta Joan Bainadore (Malen). Aktore beteranoen artean, berriz, Jose Ramon Soroiz (aitona), Alvaro Garaialde (Peio), Patricia Urrutia (Ane), Iñigo Larrinaga (Mikel) eta Iker Galartzaren (Larra) alboan, Dorleta Urretabizkaia (Eunate) izango dugu.
Oraingoaren ere euskal musikak garrantzia izango du telesailean, eta, besteak beste, Bulego, Bengo eta ZETAKen musika entzun ahal izango da.
Irabazi Arte
Irabazi Arte sariak
Ostiral honetako estreinaldiaren aurretik, bi aurrestreinaldi antolatu ditu EITBk.
Lehenengoa, Bilbao Arenan izan da igande honetan, otsailak 5. Bertan, telesailaren fan zone bat eskaini du EITBk "Irabazi Arte!"ren zaleentzat Bilbao Arenaren kanpoaldean, eta, txoko horretan, besteak beste, VR (Errealitate Birtuala) guneak izan dira. Arene, Nahia eta beste protagonisten azalean jarri eta penalti birtualak jaurti ahal izan dituzte bertaratu direnek; baita telesaileko atezainaren azalean jarri eta zetozkien baloi birtualak gelditu ere. Hori guztia, sensore, betaurreko berezi eta pantaila erraldoiekin. Halaber, "Irabazi Arte!"ren denda ofiziala izan da, bai telesaileko kirol ekipazioa eta CDa erosteko, bai posterrak eskuratzeko.
Bilboko aurrestreinaldiko irudia
Aurrestreinaldi ofiziala eguerdian hasi da eta, denboraldi berriaren lehen atala ikusteaz gain, Irabazi Arte sariak eman dira. Izan ere, euren kirol-modalitateetan egindako lanari eta ahaleginari esker nabarmendu diren Amaia Aldai eta Nerea Arruti saritu dituzte EITBk eta telesaileko lantaldeak.
EITBk gizartearen arlo ezberdinetan emakumea ahalduntzeko egiten duen ahaleginari jarraituz sortu dira Irabazi Arte sariak.
"Irabazi Arte!" telesailaren 2. denboraldia, otsailaren 10etik aurrera izango da ikusgai, 21:00etan, ETB1en eta eitb.eus-en.