Itxi

sautrela

Literatura

Aritz Gorrotxategi idazleari elkarrizketa, 10:30ean, 'Sautrela'n

A.E. | EiTB

Sarako Idazleen Biltzarraz izango da aste honetako erreportajea.

3:03

Aritz Gorrotxategi elkarrizketatuko dute 'Sautrela' saioan gaur. Idazle ibilbide oparoa osatu du azken urteotan. Hamar titulutik gora argitaratu ditu dagoeneko, eta askotariko generoetan murgildu da, poesia, nobela zein ipuingintzan. Horrez gain, lan nabarmena egin du itzultzaile gisa ere. J.M. Coetzee, Philip K. Dick eta Don DeLillo idazleen lanak euskaratu ditu, besteak beste. Hainbat ipuin lehiaketetan sariak eskuratutakoa dugu, eta horietako azkena dugu aurten plazaratu duen ipuin liburua: Zer egingo dugu orain opariekin? Kutsu soziala duten ipuinak dira denak, gaur egungo gure gizartean kokatuak eta bikote harremanetako zein lan munduko matazak arakatzen dituztenak. Liburuaz mintzatuko dira Gorrotxategirekin, eta baita bere ibilbidearen garapen estetikoaz zein ideia literarioez ere.

Hamarkada dezente dira Sarako Idazleen Biltzarra antolatzen dela Pazko astelehenez, eta hari ipiniko diote arreta erreportajean. Batez ere iparraldeko idazle zein literaturazaleen bilgune bada ere, azken urteotan jauzia egin eta Euskal Herri zabaleko jende ugarik hartu du estimutan. Azoka eta literatur jardunaldiak uztartzen dituen biltzarra dugu, eta literaturazaleen urteko erreferenteetako bat bilakatzen ari da ezarian. Aurten Maiatz aldizkaria omendu dutela profitatuz, biltzarraren historiari errepasoa egingo diote, eta baita, bidenabar, azken urteotako iparraldeko literaturari ere.

Saioaren amaiera aldera Juan Luis Zabalak Laura Mintegiren liburu bat izango du mintzagai, akaso haren liburu ezagunena: Sisifo maite minez. 2001ean argitaratutako nobela haren ezaugarriak eta harrera aletuko ditu, besteak beste.

Bukatzeko, Elkar Baiona, Garoa, Hitz eta Katakrak liburu-denden gomendioak ere izango dituzte.

Hori guztia, gaur izango da ikusgai, maiatzeko saio guztiak bezalaxe, 10:30ean.