Teknopolis
ETB1en eta ETB2n
Garagardoari buruzko erreportaje batekin abiatuko du denboraldia 'Teknopolis'ek
EiTB
Elhuyarrek eta ETBk elkarrekin ekoizten duten saioa itxura berrituarekin, eta erritmoaren eta sakontasunaren arteko oreka lortzeko helburuarekin itzuliko da.
-
'Teknopolis' saioaren lantaldea. Irudia: EiTB
'Teknopolis' saioaren denboraldi berria asteburu honetan hasiko da, itxura berrituarekin, erritmoaren eta sakontasunaren arteko oreka lortzeko helburuarekin. Iñaki Leturia Yurrita izango da aurten ere aurkezlea, eta, lehengo kazetariekin batera, kide berriak ere arituko dira saioan. Zuzendariak, berriz, Nagore Rementeria Argote eta Leturia bera izango dira. Garagardoa eta haren ekoizpenerako berrikuntzak jorratuko ditu denboraldiko lehen atalean.
Malta, ura, lupulua eta legamia nahastuta nahi adina garagardo-mota ekoizten dira. Eskaintza handi horretan ez galtzeko aholkua eskatuko dio saioak Igor Oyarbideri. Beasaindar honek garagardo berriak diseinatzen ditu Mahou-San Miguel enpresako I+G sailean, egungo garagardo-eskaintza zabalari bere ekarpena eginez.
Garagardoa modu automatizatuan nola ekoizten den ikusteko, La Salve Bilbao garagardo-fabrikara bisita egingo du 'Teknopolis'ek. Besteak beste, euskal jatorriko osagaiekin egindako garagardo bat dute helburu, baina horretarako bertan ekoitzitako lupulua falta dute. Neikerrek gidatutako 'Lupulus' proiektuan barietate egokienak ikertzen ari dira. Lehen uzta jaso berri dute, eta, orain, garagardogileek probatu beharko dute baloratzeko zer garraztasun, lurrin eta zapore ematen dizkion garagardoari.
Elhuyarrek eta ETBk elkarrekin ekoizten duten saioa astero izango da ikusgai: larunbatetan, ETB1en, 13:30ean, eta igandeetan, ordu berean, ETB2n. Emanaldiak eitb.eus-en ere jarraitu daitezke.