Itxi

Teknopolis

Teknopolis

Teknopolis

Aurkezpena

Gaur hasiko da "Teknopolis" saioaren denboraldi berria

EiTB

Berrikuntzaz beteta dator zientzia eta teknologiari buruzko saioa. Ohi bezala, larunbatetan ETB1en eta igandeetan ETB2n izango da ikusgai, 13:30ean.

1:16
Teknopolisen denboraldi berriaren aurkezpena. Bideotik hartutako argazkia

Astelehen honetan, irailak 21, aurkeztu da "Teknopolis" zientzia eta teknologiari buruzko saioaren denboraldi berria. Hain zuen, asteburuan abiatuko da, ETB1en larunbatean eta ETB2n igandean, bietan, ordu berean: 13:30ean.

Koronabirusak baldintzatutako denboraldia izango da, dudarik gabe, eta egoera horri erantzuteko prest dator. Iñaki Leturia Yurrita izango da aurten ere aurkezlea, eta zuzendariak, berriz, Nagore Rementeria Argote eta Leturia bera izango dira.

Prentsaurrekoan Leturiak azaldu duenez, osasun-krisi honek agerian utzi du honen moduko saioen beharra. Informazio egiazkoa, zehatza eta fidagarria eskatzen ari da jendea, eta behar hori asetzea izango da aurtengo erronka nagusia. Aurrekoetan bezala, 23. edizio honetan ere sortu zeneko funtzioa zintzo beteko duela adierazi du Leturiak: "'Teknopolis'ek hor egon behar du, eta hor egongo da, jendearen galderei erantzun bat emateko".

(Iñaki Leturia "Teknopolis" saioko aurkezlea. Argazkia: EiTB)

Ana Galarraga Aiestaran Elhuyarren Zientzia Unitateko kidearen laguntza izango dute horretarako. Izan ere, jarraipen estua egiten ari zaio Galarraga COVID-19ari, eta atal berezia izango du saioan. Koronabirusari buruzko azken berriak, jakingarriak eta oinarrizko informazioa eskainiko ditu bertan.

Guztion egunerokoa hankaz gora jarri duen gaitzaz gain, saioan ohikoak diren zientzia eta teknologia gaiak ere ez dira faltako.

Prentsaurrekoan, lantzen ari diren gaietako batzuk aurreratu dituzte, hala nola intsektuen gainbehera, arraunaren teknologia edota altimetriak egiten dituen txirrindulari talde bati buruzko erreportajeak.

("Teknopolis" saioko lantaldea, aurkezpenean. Argazkia: EiTB)

Aurkezpena Tknika Euskadiko LHren Ikerketa Aplikatuko Zentroan izan da. Amaia Esquisabel Alegría Eusko Jaurlaritzako Ikerketa zuzendariak agerian jarri ditu zientzia, teknologia, hezkuntza eta ikerketaren zereginak: "Gaur egun, batez ere bizitzen ari garen pandemiaren testuinguru honetan, inork ez du zalantzan jartzen zientziaren eta teknologiaren, hezkuntzaren eta ikerketaren zeregina, gure gizartearen etorkizunerako eta garapenerako. 'Teknopolis'ek gure unibertsitateen eta ikerketa-zentroen eta gure ikertzaileen ateak irekitzen dizkigu asteburuetan, zientziari eta teknologiari buruzko gaurkotasuna gizarteari ezagutarazteko eta horrela eskuragarriago egiteko eta zientziaren pertzepzioa eta ulermena hobetzeko".

Xabier Aurrekoetxea Basañez ETB1eko Programen zuzendariordeak, halaber, Iñaki Leturiak esandakoa berretsi du. Horren aburuz, gaur egun bizi dugun pandemia-egoera berri honek gaurkotasunaren erdigunera ekarri ditu "Teknopolis"ek jorratzen dituen gaiak. Berebat, saioak ETBren programazioan egindako ibilbide bikaina goraipatu du, zientzia eta teknologiaren dibulgazioa erakargarri eta beharrezko bihurtu baitu.

Garazi Andonegi Beristain Elhuyarren Zientzia Unitateko zuzendariak, bere aldetik, azpimarratu du "Teknopolis" komunitate zientifikoaren bozgorailu dela: "Euskal Herriko zein mundu zabaleko berrikuntza, teknologia eta zientzia-albisteak ekarriko dizkigu, beste urte batez, 'Teknopolis'ek etxera. Eta inoiz baino gehiago izan nahi dugu komunitate zientifiko horren bozgorailu: egiten dutena modu dibulgatiboan zabaltzen, euren beharra nabarmentzen, ikuspegi etikoan eta kritikoan sakonduz eta zientzia-politiketan eragiteko beharra agerian utziz". 

Bukatzeko, Andonegik eskerrak eman dizkie "Teknopolis"en edizio berrian babesle eta lankide diren erakundeei, saioari emandako laguntzarengatik: EiTB, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila eta Hezkuntza Saila, Euskal Herriko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea, Nafarroako Unibertsitate Publikoa, Tknika Lanbide Heziketari aplikatutako ikerketa eta berrikuntzako zentroa, Euskal Energiaren Erakundea eta FECYT Zientzia eta Teknologiarako Espainiako Fundazioa.