Tribuaren Berbak
22:15ean
Kiroletan euskaraz, gaurko 'Tribuaren Berbak' saioan
A.E.
EiTB
Kike Amonarrizek kirolariekin eta hezitzaileekin hitz egin du gaiaren inguruan.
Gaur gauean, 'Tribuaren Berbak' saioan, kirola euskaraz egiteak duen garrantziaz jardungo dute. Kirolak integrazioa bultzatzen du, eta gauza jakina da koordinazioa eta psikomotrizitatea ere hobetzen dituela. Osasuntsua ere bada, eta euskaraz praktikatuz gero, gainera, gure hizkuntza sano biziberrituko da.
Igor Arenaza, Aretxabaletako kirol elkarteko zuzendaria, gaztetxoen artean euskara bultzatzeko orduan begirale zein hezitzaileek duten garrantziaz arituko da. Maider Unda borrokalaria, Gaizka Garitano Eibarko entrenatzailea, Leire Olaberria txirrindularia eta Matxalen Ziarsolo Bera Berako jokalaria euskarak euren kirol jardueran duen presentziaz mintzatuko dira.
Kirolari profesionalak eredu dira askorentzat, erreferente, baita hizkuntza kontuetan ere. Abel Barriola pilotariarekin izango da Kike Amonarriz kirolari ezagunek euskaraz hitz egiteak duen eraginaz solasean.
Jose Angel Iribar Athleticeko atezain ohiarekin izango da Amonarriz, Lezaman. Euskaraz argitaratutako lehen kirol hiztegia Kirolkidea (1982) izan zen, eta hiztegiaren bultzatzailea izan zen Iribar. Gauzak zenbat aldatu diren izango dute hizpide; izan ere, futbolean zein beste kiroletan euskararen erabilerak bilakaera handia izan du. Horixe baieztatuko du Arritxu Iribar Euskadi Irratiko kirol esatariak. Eta gurean gero eta gehiago direla euskaraz normal eta natural egiten duten kirolariak.
Bukatzeko, Gasteizen egongo da Kike, Harrikada Curling Taldeko kideekin, euskaraz edozein kirol (baita eskoziar jatorria duen XVI. mendeko kirol hori ere) praktika daitekeela erakusteko.
'Tribuaren Berbak' gaur izango da ikusgai, 22:15ean, ETB1en.