Ur Handitan
22:30ean
Arterra Bizimodu bizi-proiektua hizpide, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan
EiTB
Nafarroako Artieda herrian, eraikuntza erraldoi batean elkarrekin bizi diren eta jatorri eta adin oso desberdina duten 32 lagunen bizi-proiektua ezagutuko du Xabier Madariagak.
Arterra Bizimodu bizi-proiektua hizpide, gaur gauean, "Ur Handitan" saioan. Jakin-mina sortzen duen bizimodua da komunitatearena. Nola lortu oreka eta elkarbizitza 30 lagunetik gora bizi diren etxe batean? Geroz eta ohikoagoa omen da ingelesez co-housing izenez ezagutzen den bizi-proiektua, eta horietariko batek, atzerrian gehien ezagutzen dutenak, Nafarroan du egoitza, 100 lagun baino ez dituen Artieda izeneko herrixka batean.
Duela gutxira arte bainuetxe bat izan den eraikuntza erraldoi batean jatorri eta adin oso desberdineko 32 lagun ezagutu ditu "Ur Handitan" saioak. Etxeak, eraikinak, proiektuak berak Arterra Bizimodu du izena, eta bizitzeko modu desberdin, ekologiko, jasangarri eta komunitario baten bila heldu da jendea bertara. Batzuek martxan jarri eta sei urte geroago hemen jarraitzen dute. Askok, ordea, ez dute beren burua betiko hemen ikusi, eta, pixkanaka, proiektutik aldendu egin dira.
Hasiera-hasieratik daude hemen Montxo eta Lide, beren bi seme txikiekin batera. Iruñeko bizitza atzean utzi, eta hemen aurkitu dute beren tokia, naturan, hiriko estresetik urrun. Arterran, besteek bezala, apartamentu propioa dute, baina bizitzako hainbat esparru elkarbizitzan oinarrituta daude. Bazkaldu, adibidez, denek batera egiten dute, 32ek. Auzolana da Arterraren oinarrietako bat. Ez dago besteen gainetik agintzen duen inor, eta erabakiak ados jarrita hartzen dira, zirkuluetan.
Badakite beren bizimoduak aurreiritziak eta kuriositatea eragiten dituela. Hippy izatea leporatu izan diete inoiz. Bada sekta bat ote diren galdetu dienik ere. Baina ez hippy, eta ez sekta. Arterra Bizimoduaren aldeko apustua egiten dutenek pertsona normaltzat dute beren burua: pixka bat ameslariak agian, hori bai.
Komunitatean bizitzea ez omen da erraza, baina onurak handiak direla aitortu digute gure protagonistek. Xabier Madariaga Artiedan izan da hiru egunez, bertakoen errealitatea ezagutzen.
"Ur Handitan: Arterra Bizimodu" gaur izango da ikusgai, 22:30ean, ETB1en eta eitb.eus-en.