Zuek hor
22:25ean
Iñaki Artola eta Manu Muniategiandikoetxea, gaur gaueko 'Zuek Hor!!'en
A.E.
EiTB
Eskuekin lan egiten duten bi lagun, pilotari bat eta margolari bat, izango ditu platoan Anjel Alkainen taldeak, gaur, 22:25etik aurrera.
'Zuek Hor!!' saioaren bigarren atalean, gaur gauean, eskuak izango dituzte ardatz. Beraien bizitzan eskuak ogibide dituzten bi gonbidatu izango dituzte: Iñaki Artola (pilotaria) eta Manu Muniategiandikoetxea (margolaria).
Iñaki Artola pilota profesionalaren munduan hasiberria da; 21 urte besterik ez du, baina dagoeneko irabazi du bigarren mailako lau eta erdiko txapelketa. Alegian jaio zen, 1994an, eta Asegarcerekin ari da gaur egun.
Manu Muniategiandikoetxea, berriz, 1966an jaio zen, Bergaran. 1990ean lizentziatu zen Arte Ederretan, eta artearen munduan dabil ordutik. Hainbat lan eta erakusketa egin ditu Euskal Herrian eta Euskal Herritik kanpora, eta sari ugari irabazitakoa da.
Bi gonbidatuen eskuak nolakoak diren eta horien ezberdintasunak ikusiko ditugu asteazken gauean Anjel Alkainek, Iker Galartzak eta Aitziber Garmendiak gidatzen duten saioan. Eta, ohi legez, bertan ikusiko ditugu Andoitz eta Gorane haurrak, La Jaio txoni zarbasta, Argiñano eta Berasategi, Paulino... Denen artean, saio umoretsua egingo dute. Ondo pasatzeaz gain, gonbidatuek euren zereginetan onak direla esatea izango dute helburu.
Zuzenean musika jartzen, talde bat izango da platoan: Zukutu Band. Gainera, saioa biribiltzeko, Aitzol Barandiaranek eta bandako kideek abesti ezagun baten bertso bertsioa egingo dute saioaren nondik norakoaren inguruan, zuzenean.