Mundua -

Gaza erasopean

"Borkum" ontzia ez da Espainian porturatuko eta Israelera armak daramatzan beste baten geldialdia ukatu dute

Espainiako Gobernuak ukatzen zuen arren, Palestinaren aldeko elkarteek eta Podemos eta Sumar alderdiek zioten Israelen kohete militarrentzat motorrak zeramatzala. Albares ministroak esan du Gazaren kontra aritzeko armak daramatzan edozein ontziren sarrera ukatuko duela Gobernuak.

"Borkum" ontzia Tiñoso lurmuturrean, Cartagenako uretan. EFE
"Borkum" ontzia Tiñoso lurmuturrean, Cartagenako uretan.
"Borkum" ontzia Tiñoso lurmuturrean, Cartagenako uretan. EFE

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Borkum itsasontziak, Israelera armak omen daramatzan kargaontziak, uko egin dio Cartagenan (Murtzia, Espainia) porturatzeari, eta jakinarazi du Esloveniara doala, handik garraiatzen duen hori Txekiar Errepublikara eramateko. 

Kargaontziaren armadoreak hala jakinarazi diot bart Itsas Kapitaintzari. Ontziak egunak zeramatzan Tiñoso lurmuturrean, Cartagenako uretan, bertako portuan geldialdia egiteko zain. Azkenean, baina, ez da porturatu, horretarako baimenak izan arren

Espainiako Gobernuak porturatzeko baimena eman zion, Israel helmuga ez zuela argudiatuta. Bestela uste zuten, ordea, Palestinaren aldeko elkarteek eta Podemos eta Sumar alderdiek. Alderdi moreak Auzitegi Nazionalera jo zuen porturatzea saihets zezan, eta Sumarrek Fiskaltzari esku hartzeko eskatu zion. 

Behin erabakia ezagututa, pozez hartu dute ezkerreko alderdiek. "Presio egiteak balio du", diote. 

Bestalde, Espainiako Gobernuko Atzerri, Europar Batasuneko eta Lankidetzarako Ministerioak porturatzeko baimena ukatu dio Israelera armak zeramatzan ontzi batek Cartagenan geldialdia egitea, eta tankerako ezaugarriak dituzten itsasontzi guztiekin gauza bera egingo duela nabarmendu. 

Marianne Danica da ontzia, eta maiatzaren 21ean zen Cartagenara heltzekoa.

Bruselatik egindako adierazpenetan, Albaresek jakinarazi du lehen aldia dela ontzi bati porturatzeko baimena ukatzen zaiona: "Aurrenekoz, armak Israelera doazela egiaztatu dugu".

Ministroaren esanetan, "Espainiako Gobernuak ez du Israelera gerra materiala esportatzeko lizentzia berririk emango. Erabaki koherentea da. Ekialde Hurbilak ez du arma gehiago behar, bakea da behar duena. Ez dugu gerra hori mantenduko eta sustatuko, inondik inora". 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika Nazioartea Espainiako Gobernua Gazako Zerrenda Eguneko albisteak Albisteak Podemos Israel Palestina Sumar Mugimendua Ekialde Hurbila gaur