Ekonomia -
Eusko Legebiltzarra
'Ezkutuko langabetuak ez dira akatsak izan, bikoiztasunak baizik'
Enplegu politiken transferentziaren atzerapenari egotzi dio Eusko Jaurlaritzak 7.500 langile horien agerpena.
Erredakzioa
Gemma Zabaleta Eusko Jaurlaritzako Enplegu sailburuaren hitzetan, "enplegu politika aktiboak 30 urteetan Euskadira ez transferitzearen ondorio da" Inemeko zerrendetan ez zeuden 7.500 langabeturen agerpena. Transferentzia "Estatuaren borondatea aldatzea" lortu dutenean eta beste erkidegoek ez duten eskumen "ezberdin" bat lortu dutenean egin dela esan du EAJk.
Eusko Legebiltzarreko Lan Batzordearen aurrean Zabaletak azaldu ditu langabetu horien agerpenaren nondik norakoak, Eusko Jaurlaritzako Lanbide Enplegu Zerbitzuak enplegu politiken eskumenak jaso ostean.
Eusko Jaurlaritzak Langai zerbitzuan zeuden eta Inemeko zerrendetan ageri ez ziren 7.500 langabe gehiago zenbatu zituen martxoan Lanbideren datu-basea eguneratzerakoan.
Enplegu politiken transferentziaren atzerapenari egotzi dio sailburuak zerbitzuen "bikoiztasun" hori; izan ere, joan den urtarrilaren 1era arte ez ziren eskumen horiek EAEra transferitu. Hala ere, 1996an Eusko Jaurlaritzak lankidetza hitzarmen bat sinatu zuen Inemekin Langai irabazi-asmorik gabeko enplegu agentziarekin lan egiteko.
Zabaletaren esanetan, agentzia horrek "aldizka bere zerrenden berri eman zion Espainiako Gobernuari", baina zerrenda horietan agertzen zirenak "inoiz ez zituzten langabetu gisa zenbatu, betebehar edo eskubide legalik ez zegoelako".