Itxi

Gizartea

Eustaten datuak

EBko jaiotza-tasa baxuenetarikoa du Euskadik

Erredakzioa

EAEko emakumeen bizi-itxaropena 84,3 urtekoa da, Europar Batasuneko altuenetakoa, Espainiakoarekin batera.

Euskal Autonomia Erkidegoak (EAE) mila biztanleko 9,9 jaiotza erregistratu zituen 2008an, eta Europar Batasunean (EB) azken postuetan dago. Batez bestekoa 10,9koa da.

Eustaten datuen arabera, EAEn eta Hungarian tasa bera erregistratu zuten (‰ 9,9), eta Portugalen (‰ 9,8), Italian (‰ 9,6), Austrian (‰ 9,3) eta Alemanian (‰ 8,3) baino ez zuten tasa okerragoa erregistratu. EBko tasarik altuenak, berriz, Irlandakoa (‰ 16,9) eta Frantziakoa (‰ 13) izan ziren. Estatuko datuei dagokienez, mila biztanleko 11,4 jaiotza erregistratu ziren 2008an.

1975eko datuekin alderatuta, EAEko jaiotza-tasak behera egin du nabarmen. Urte hartan mila biztanleko 19,1 jaiotza erregistratu ziren EAEn. Espainiako batez bestekoa 18,8koa izan zen, eta EBkoa, 14,7koa (mila biztanleko, betiere).

Bizi-itxaropenari buruz hitz egiten badugu, 2008an EAEn gizonena 77,2 urtekoa zen, eta emakumeena, 84,3 urtekoa. Azken datu hori, Estatu osoko emakumeei dagokien datuarekin batera, Europa osoko altuenetakoa zen; bigarrena hain zuzen ere. Frantsesak bakarrik zituzten aurretik (84,8 urteko bizi-itxaropena). EBn, batez beste, 76,1 urtekoa da gizonen bizi-itxaropena eta 82,2 urtekoa, emakumeena.

Azkenik, EAEn 65 urtetik gorako herritarrak biztanle guztien % 18,7 ziren 2008. urtean. Ondorioz, 2008an EAEko biztanleria EBko zaharrenetakoa zen. Alemanian eta Italian (% 20,1) baino ez zeuden EAEn baino adineko gehiago. Estatuko datuei dagokionez, berriz, 65 urtetik gorako biztanleak guztien % 16,6 ziren 2008an. Gainera, Euskadik 14 urtetik beherako biztanle gutxi zituen (% 13); Estatu mailan, % 14,6 ziren guztira.