Gizartea -
21 urte ezkonduta
Yolanda Barcina eta senarra banandu egingo dira
Iruñeko alkateak banantzeko izapideak abiatu ditu, ezkontzari amaiera emateko.
Erredakzioa
Diario de Navarra egunkariak argitaratu duenaren arabera, Yolanda Barcina Iruñeko alkatea eta senarra banandu egingo dira. Pucho Vallejo Santanderreko arkitektoarekin ezkonduta 21 urte eman ostean, UPN alderdiko presidenteak harreman hori amaitutzat ematea erabaki du. Bikoteak 10 urteko seme bat du.
Aste honetan bertan, oraindik agintariaren senarra denak telebista kate bateko saio batean parte hartu du. Erreportajean, arkitektoak Barcinarekin Santanderretik gertu duen luxuzko etxe bat erakutsi zuen. Vallejok berak diseinatutako 220 metroko etxe bat da eta salgai jarri dute. Bikoteak ondasun-banantzea duela gaineratu du Diario de Navarrak.
Barcinak 50 urte ditu, Nafarroako Unibertsitatean Farmazia ikasi zuen, eta 1999tik Iruñeko alkatea da. 2009an, Miguel Sanz ordezkatu zuen UPNko zuzendaritzan. Datorren agintaldian Iruñeko alkatetza utziko du, eta Foru Gobernurako hauteskundeetan UPN alderdiaren zerrendaburu izango da