Gizartea -
2011n
Urteko lehen Eguzki-eklipsea
Europatik, Afrika iparraldetik eta Asiatik ikusi ahal izan da, 07:49tik 10:14ra. Ilargiak Eguzkiaren % 63,5 estali du.
Erredakzioa
Eguzki-eklipse partzial bat ikusi ahal izan dugu astearte goizean Europan, Afrikako iparraldean eta Asian. Euskaditik honela ikusi dugu:
Eguzkia zerumugatik 08:40an irten da. Eklipsea 07:49an hasi da eta horregatik eguzkia ikusten hastean eklipsatuta egon da. Eklipsearen maximoa 08:57an eman da. Momentu horretan eguzkia hortzimugatik oso gertu egon da, 2º-ko altueran. Eklipseak aurrera jarraitu du 10:14 arte, ordu horretan amaitu baita eta eguzkia 12 º-tan egon da.
Eklipsearen magnitudea 0,635-ekoa izan da. Horrek zera esan nahi du: ilargiak eguzkiaren azaleko % 63,5 estali duela.
Nola ikusi eklipsea
Eguzkia oso baxu egon da. Horregatik, ikusteko leku altu bat aukeratu behar genuen, zerumuga etxerik gabe eta garbi ikus genezakeen leku batean. Ezin dugu inolaz ere eguzkira zuzenean begiratu, eta are gutxiago prismatiko edo teleskopio batekin gure begietarako benetako babesik gabe.
Egokiena eguzkiaren irudia paper txuri batean proiektatzea litzateke prismatiko edo teleskopio baten bidez
Zergatik gertatzen dira eklipseak?
Eguki-eklipsea Ilargia Lurra eta Eguzkiaren artean jartzen denean gertatzen da. Batzuetan, Ilargiak eguzkiaren diskoa guztiz estaltzen du, orduan eguzki eklipse osoa gertatzen da. Beste kasu batzuetan, aldiz, Ilargia Lurretik zerbait urrutiago kokatzen da eta bere diskoak ez du guztiz estaltzen eguzkiarena, Eguki-eraztun txiki bat ikusten delarik. Ilargiak Eguzkiaren zati bat bakarrik estaltzen denean eklipse-partziala ematen da.