Mundua -

2010eko Erakusketa Unibertsala

Historiako Erakusketa Unibertsal handiena hasi da Shanghain

Datozen sei hilabeteetan 70 milioi bisitari inguru izango ditu Shanghaiko erakusketak. Bilbok bere txokoa dauka parte-hartzaile kopururari eta tamainari begira munduko erakusketa handiena den honetan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hu Jintao Txinako presidenteak Shangaiko Erakusketa Unibertsalari hasiera eman dio; inoiz ezagutu den erakusketa unibertsal handiena da, tamainari eta parte-hartzaile kopuruari begira. Hasierako ekitaldia su artifizialekin eta laser izpiekin bukatu da Huangpu ibaian. Gaurkoa ekitaldi ofiziala izan da eta larunbatean publikoari zabalduko dizkiote ateak.

Hu Jintao presidentearen hitzetan, "erakusketa arrakastatsua, ederra eta ahaztezina izango da".

Datozen sei hilabeteetan 70 milioi bisitari inguru izango ditu Shanghaiko erakusketak (5,8 kilomentro karratukoa); eta 239 herritako 189 pabilioi bisitatzeko aukera izango dute bisitariek.

Txinako Shong Zuying abeslariarekin eta Jackie Chang aktorearekin hasi da ekitaldia Shanghaiko erakusketako ekitaldien gunean.

Gaueko ekitaldietan, besteak beste, Jose Bono Kongresuko Diputatuen presidentea, Jose Manuel Durao Barroso Europar Batzordeko presidentea eta Nikolas Sarkozy Frantziako presidentea izan dira. Bost Kontinenteetako agintariak eta ordezkariak izan dira gaueko ekitaldian.

Shanghaiko erakusketak oihartzun handia izango du; Hiriko Jardunbide Egokien eremua bezalako berrikuntza aurkezten du, praktika urbanorik onenen arloan. Horrela, hiriek lehendabizikoz izango dute bere tokia erakusketa unibertsal batean. Bilbo, Madril eta Bartzelona dira Erakusketa Unibertsalean ordezkaritza duten Estatuko hiru hiriak.

Gainera, Shanghaiko Erakusketa ekitaldi birtuala bilakatzen den lehena da, Interneten ikusgai baitago; batez ere, Shanghairaino joaterik ez duten milaka txinatarrentzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea