Mundua
Atentatua
Bonba-auto bat leherrarazi dute Ipar Irlandan baina ez da inor zauritu
Erredakzioa
Inguruko etxebizitzak eta dendak hustu ahal izan dituzte erasoa izan aurretik, norbaitek abisua eman ostean. Inork ez du erasoa bere gain hartu.
Bonba-auto bat leherrarazi dute gaur goizaldean Londonderryn (Ipar Irlanda), hiriko Poliziak jakitera eman duenez.
Erasoak ez du zauriturik eta kalte material handirik eragin inguruko eraikinetan. Izan ere, aipatu iturriek zehaztu dute leherketaren abisua jaso dutela gertatu baino ordubete lehenago eta inguruko etxebizitzak eta dendak jendez hustu ahal izan dituzte. Inork ez du oraindik atentatua bere gain hartu.
Leherketak (Da Vinci hotelaren ondoan, Culmore Road kalean) kalte materialak eragin ditu inguruko denda batzuetan, jatetxe batean eta Ulsterreko Bankuan.
Colm Eastwood hiriko alkateak gaitzetsi egin du gauerdia baino lehentxeago gertatutako erasoa. "Ez dakit jende horrek zer bilatzen duen. Bere herrialdea eraiki nahi dutela diote, baina suntsitzen galtzen dute denbora. Hiritarrak haserre daude. Harrigarria da norbaitek edozein lekutan lehergailua jartzea, are gehiago merkataritza gune batean", gaineratu du.
Judith Gillespi Ipar Irlandako Poliziaren bigarren agintari nagusiak eta Fachtna Murphy Irlandako Poliziaren komisario nagusiak atzo esan zuten IRAren talde disidenteek, bake prozesuaren kontra daudenak, indarrak batu dituztela erasoak egiteko.

