Mundua
Iruzkina
Britainia Handia eta Ongizate Estatua
Jesus Torquemada
Europan geroz eta herrialde gehiagok hartzen dituzte gastu publikoa murrizteko neurriak. Honen ondorioz, Ongizate Estatua kolokan dago.
Britainia Handiak gastu publikoan murrizketak iragarri ditu eta beste herrialde batzuk jada murrizketa horiek gauzatzen ari dira. Edo beste era batera esanda, Ongizate Estatua arriskuan dago.
Ongizate Estatu batek, gutxienez, osasuna, hezkuntza eta jubilazioa bermatu behar ditu eta langabeei laguntzak eman behar dizkie. Hala ere, herrialde batzuetan babes horiek gutxitzen ari dira.
Ongizate Estatuak inoiz jasan duen erasorik larriena ari gara ikusten. Merkatu ospetsuek presioa egiten diete gobernuei defizit publikoa murriztu dezaten. Defizita sarrerak handituz edota gastua txikituz murrizten da.
Krisiak erabat izoztu du Europako ekonomia eta ekonomia hazkunderik ez badago, oso zaila da estatuen diru sarrerak handitzea. Horrela, merkatuek egiten duten presioari men eginez, gobernuak gastuak murrizten ari dira.
Hala ere, botere finantziero handien azken helburua dena pribatizatzea da. Horrela, beraiek eskua sartu ahal izateko. Seguruenera, oso gustura egongo dira Britainia Handiak hartutako neurriekin.

