Itxi

EITB TALDEA

DENBORALDI BERRIA

Irrati bisualari bultzada, EITB Irrati taldeko denboraldiko nobedade nagusien artean

GUAU audio plataforman eta sareetan presentzia handitzea da denboraldi berriko Euskadi Irratiaren, Radio Euskadiren, Radio Vitoriaren eta Gaztearen xede nagusia, programazioa indartzearekin batera.

  • Radio Euskadiko plato bisual printzipala

    Radio Euskadiko plato bisual printzipala

Abiatu berri da EITBko irratietako denboraldia digitalizazioari eta kontsumo forma eta eduki berrietan arreta osoa jarrita. Irrati bisualari, hots, irrati- eta bideo-edukiak aldi berean transmititzeko ahaleginari, bultzada emateko, Radio Euskadik estudio berria estreinatu du, Europa Iparraldeko herrialdeetako irrati ereduak oinarri hartuta. Hamar kamera, egokitzen den mahai berria eta puntako teknologia ditu.

ETB2n ikusgai dago egunero Eider Hurtadok aurkezten duen "Boulevard" saioa, baina irailaren 8tik aurrera GUAU plataformara iritsiko da irrati bisuala, saio gehiagorekin. Euskadi Irratiko estudio nagusia ere egokitu eta moldatu egin da irrati bisuala eskaintzeko, eta helburua da urtean zehar modu horretan emango diren saio kopurua handitzen joatea. 

Irrati bisualaren bidez, irratiek programazioa zuzenean edo eskariaren arabera, telebistan ez ezik, GUAU audio plataforman eta sare sozialen bidez ikusteko eta entzuteko aukera ematen diete entzuleei. Formatu horren bitartez, jende gehiagorengana jo nahi da, eta audio-programak ikus-entzunezko esperientzia bihurtu irrati tradizionala.

Bestalde, Euskadi Irratian, denboraldi berrian, nobedade ugari izango dira programazioan eta jarduteko moduan. Albistegietan, esaterako, "Mezularia" eraberritua dator: Ainhara Zuazabeitiak zuzenduko du eta, gertatzen denaz haratago, zergatik ari den gertatzen ulertzeko klabeak ematen saiatuko da. Halaber, Iñaki Guridi buru duen "Faktoria"k sakonean tarte landua egingo du, GUAU plataforman daukaten eskariari ere erantzuteko. Programetan, bizkarrezur nagusiari helduko diete, "Faktoria" (Maider Segurola eta Mikel Rotaetxe), "Baipasa" (Olaia Urtiaga) eta "Amarauna" (Gorka Otaegi) magazinak indartuz. Kirolen arloan, elkarrizketa serie berriak izango dira GUAU, YouTube eta FMrako, Maitane Urbieta, Jon Ander de la Hoz, Iñaki Berastegi eta Kepa Iribarrek eginak.

Radio Euskadiri dagokionez, bere erreferente nagusiei eutsiko die: Eider Hurtado "Boulevard"en; Iñaki Espiga "Boulevard Magazin"en; María Cereceda "Crónica de Euskadi"n; Xabier G. Ramsden "Distrito Euskadi"n; Arantza García "Ganbara"n; Almudena Cacho "MQP"en eta Aitziber Bilbao "Crónica de Fin de Semana"n. Asteburuko albistegia ordubete luzeagoa izango da igandeetan, 09:00etatik 10:00etara, asteko gaien analisi bereziak egiteko.

Berrikuntzei dagokionez, larunbat eta igandeetan, "Kirol Festa" kirol magazin bihurtuko da; entzuleei konpainia egiteko prest izango da arratsaldero Gari Suarez. "Kultura.eus" Maider Martinek gidatuko du astean zehar, eta asteburuetan, Galder Perezekin, saio berezi eta monografikoak egingo dituzte. Halaber, umorezko saio berri bat estreinatuko da, "Tú Has Hecho Algo" izenekoa. Bertan, Kaitin Allendek pertsonaia bitxiak hurbilduko dizkigu, asteburuko eguerdietan irribarre bat ateratzeko.

Radio Vitoriak bere ildo eta xede nagusiei eutsiko die: kalean egongo da, herritarrengandik gertu, arabarrentzat garrantzitsuak diren ekitaldi guztien erakusleiho izateko prest. Halaber, Arabako kirolaren ahotsa izango da, Alaves, Baskonia eta Araskiren partida guztiak ematen dituen irrati bakarra. Eta, jakina, sare sozial eta GUAUn presentzia indartuko du.

Gazteak bere unibertsoa zabaltzeko ekinean jarraituko du, irratsaio ezagunenekin eta edukia eta nortasuna interakzio modu berrietara egokituz. Gazteekin bat egiten duten ekimen eta musika jaialdi garrantzitsuetan presentzia izango du. Hala, urteroko hitzordu bilakatu ditu, besteak beste, Maketa Lehiaketa, Gaztea Sariak, ZEIDFest Gaztea eta Bilbao BBK Live ekitaldiak.