Itxi

EITB TALDEA

EITBren fikzio telesailak

'Formatu txikiak, Talentu berriak' deialdiko "Piztiak" eta "Tamara ta Mara" lanen filmaketak amaitu dira

EITB

Euskarazko fikzio seriatua indartzeko EITBk 2025ean egindako apustua da 'Formatu txikiak, Talentu berriak'. Bi ekoizpenak PRIMERAN plataforman estreinatuko dira 2026ko lehen seihilekoan.

  • 'Formatu txikiak, Talentu berriak'

    'Formatu txikiak, Talentu berriak'

EITBk Formatu txikiak, Talentu berriak deialdia egin zuen urte hasieran, iraupen laburreko euskarazko fikziozko serieen ekoizpena bultzatzeko, euskarri eta plataforma digitaletan kontsumitzeko, hurbileko eduki berriak sortzeko eta euskal talentu eta sormen berria sustatzeko. Lortutako erantzun onaren ondorioz, EITBk sei serie laburretan parte hartzeko konpromisoa hartu du, gehienak euskal emakume profesionalek zuzenduta.

Honakoak dira sei fikziozko serieak: "Piztiak" (Amancay Gaztañaga eta Xanti Rodriguez, Ospel Films), "Tamara ta Mara" (Ane Rotaetxe, Begira Produkzioak), "Lehen aldiz" (Jone Arriola, Orio Produkzioak), "Izaki pixkat gardenak" (Iñigo Sbeltza, Maua Produkzioak), "AIRBNBarik" (Alba Lozano eta Nitya Lopez, Platanobolígrafo eta La córnea digital) eta "Estu" (Xabier Ojinaga eta Ander Mateos, Arriguri).

"EITBrentzat estrategikoa da euskarazko fikzio seriatuaren alde egiten jarraitzea, eta etorkizuneko erronkei aurre egitea euskal ekoizpen independentearen bidez. Horregatik, deialdi berri hau aukera bikaina da proiektu berriak identifikatzeko, eta, zerbitzu publiko garen aldetik, ahots, istorio eta ikuspegi berriei aukera emateko", adierazi du Vanesa Fernandezek, EITBko Kultura eta Euskara zuzendariak. "Gainera, enpresa ekoizle txiki eta ertainek esperientzia hartu ahal izango dute etorkizunean maila handiagotako ekoizpenetan murgiltzeko", gaineratu du.

Deialdiak lortutako erantzuna nabarmendu du: "14 proiektu aurkeztu ziren eta 6 onartu, denak ekoizpen fasean daudenak. Gainera, telesail gehienak emakumeek zuzentzea albiste bikaina da gure ikus-entzunezko sektorearentzat, eta belaunaldi berriek gure lurraldeko emakume profesionalen erreferentziak izan ditzaten eta gainera euskaraz".

Iraia Elias aktorea protagonista duen suspensezko telesaila da "Piztiak". Amancay Gaztañagak eta Xanti Rodriguezek zuzendu duten ekoizpenean aritu dira, halaber, Miren Gaztañaga, Erika Olaizola, Iñigo Aranbarri, Xanti Agirrezabala, Sambou Diaby, Olatz Ganboa, Nerea Mazo eta Yune Nogueiras, besteak beste. Fantasiazko thrillerra eta landa giroko drama nahasten dituzten sei istoriok osatzen dute telesaila. Protagonistan oinordetzat jasotako baserriak izkutatzen duen familia sekretua ezagutuko dugu.

"Tamara ta Mara" Begira Produkzioak ekoiztetxeak ekoitzi du eta Ane Rotaetxek zuzendu. Gidoian, Ane Rotaetxe eta Larraitz Zuazorekin batera, Antton Telleriak parte hartu du. Bi aktore gazte, Tamara ta Mara, casting areto batean daude, biak ala biak krisi pertsonal eta laboral sakon batean murgilduta, eta proiektu hau aldaketarako aukera bat izan daiteke. Baina duela bi urte bi aktoreen artean gertatutako zerbaitek dena hankaz gora jarriko du.

Ainhoa Etxebarria, Ainhoa Artetxe, Maria Urcelay, Miren Gaztañaga eta Koldo Olabarri aktore nagusien lanari, Mikel Losada eta Lander Otaolaren agerraldi bereziak eta luxuzko cameo hauek batu zaizkie: Lara Izagirre errealizadore eta ekoizlea, Katixa Agirre idazlea, Jonkash dj-a eta telebista munduko Andoni Calvo, Dani Alvarez, Felix Linares, Sara Gandara, Xabier Madariaga, Ana Goitia, Malen Altuna eta Aitziber Grados.

 

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • EITB Taldea