Itxi

EITB TALDEA

EITB EUSKAL ZINEMAREKIN

EITBren parte-hartzea duten bost filmek hamabost izendapen jaso dituzte Goya sarietarako

EITB Media

'Maspalomas'ek bederatzi izendapen ditu; 'Gaua'k, hiru, eta 'Decorado', 'Balearic' eta 'Zona wao' lanek bana. Orotara, euskal ekoizpeneko 47 profesional eta film daude izendatuta aurten Espainiako Zinema Akademiaren sarietan.

  • 'Maspalomas'en filmazioko irudia

    'Maspalomas'en filmazioko irudia

Datorren otsailaren 28an Bartzelonan banatuko diren Goya sarien 40. edizioan hamahiru euskal ekoizpen lehiatuko dira, horietako bostek EITBren parte-hartzea dute. Hala, Aitor Arregik eta Jose Mari Goenagak zuzendutako Maspalomasek hautagaitza du bederatzi kategoria hauetan: film onena, zuzendaritza, gizonezko aktore nagusia, bigarren mailako gizonezko aktorea, gidoia, arte zuzendaritza, argazki zuzendaritza, musika originala eta makilaje-ileapaindegia. Bestalde, Paul Urkijoren Gauak hiru izendapen lortu ditu: jantzitegia, makilaje-ileapaindegia eta efektu bereziak. Azkenik, animaziozko film onenaren sarirako hautagaia izango da Alberto Vazquezek zuzendutako Decorado; dokumental labur onenaren sarirako Nagore Eceizaren Zona wao, eta zuzendari berri onenaren sarirako Ion de Sosa, Balearic filmagatik.

Gaua (Egilea: David Herranz)

"Gaua"ren filmazioko irudia (Egilea: David Herranz)

Izendapenak eskuratu dituzten gainerako euskal ekoizpenak hauek dira: Los domingos (13), Un fantasma en la batalla (4), Los tigres (7), ¡Caigan las rosas blancas! (1), Eloy de la Iglesia, adicto al cine (1), Misteriosa mirada del flamenco (1), El talento (1) eta La tregua (1).

'Decorado' filmeko irudia

"Decorado" filmeko irudia

Bestalde, Elena Irureta, Urko Garai eta Aitor Berenger saria eskuratzeko lehian izango dira euskal ekoizpenak ez diren Sorda (Eva Libertad) eta El cautivo (Alejandro Amenabar) filmetan egindako lanagatik.

Aurten ere Goya sarietara doazen euskal profesionalekin egoteko topaketa antolatuko du EITBk, euskal ikus-entzunezko ekosistema sustatu eta egiten diren lanei zabalkundea emateko duen konpromisoarekin bat eginez.

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Goya sariak
  • EITB